Gero eta kontsumitzaile gehiago daude kontzientziatuta erle produktu osasungarriek eta kimikorik gabekoek dakartzaten onurekin; horrek animatu egin ditu erlezainak eta ikerleak alternatiba bat bilatzera barroosiaren aurkako tratamendu kimiko konbentzionalei, horrelako tratamenduek arriskuan jar ditzaketelako erlauntzaren “fruituak”. Joera hori nabaria da joan deneko hamar urtean, eta ikerketak estimulatu ditu, ideia desberdinen eta ikuspegi praktikoen garapenarekin lagunduta, bai erlezaintzaren gestio komertzialaren eta bai ikerkuntzaren alorrean. Horren ondorioz, akaroa borrokatzeko metodo bioteknikoen hedapena nagusitu da erlezaintzaren agendan. Aukera posibleetatik, badirudi umealdia eteteko metodoek dutela ahalmenik handiena erlezaintzaren zereginetan barneratzeko; batik bat, erreginaren kaiolatzeak (Uzunov et al., 2023). Metodoaren praktikotasunagatik eta erraztasunagatik izan du arrakasta zaleetan, erlezain txikietan eta tamaina komertzialeko operadoreetan. Gainera, ikerketa egin berriek erakutsi dute erregina kaiolatu eta azido oxalikoa edo timola umerik gabe dagoela aplikatuta tratamendu konbentzionalen eraginkortasuna berdintzen dela, baita akarizida “gogor” esaten zaien horiena ere (Büchler et al., 2020; Giacomelli et al., 2016).