Aleksandar Uzunov eta Chao Chen
Egoitz Galartzak eta Markel Lizasoainek itzulia
Eraztuntzearen artikulu originala, Erregina eraztuntzea – Metodo alternatibo bat errunaldia eteteko, Uzunov eta Chao (2023), Bee World aldizkarian argitaratuta dago.
Gero eta kontsumitzaile gehiago daude kontzientziatuta erle produktu osasungarriek eta kimikorik gabekoek dakartzaten onurekin; horrek animatu egin ditu erlezainak eta ikerleak alternatiba bat bilatzera barroosiaren aurkako tratamendu kimiko konbentzionalei, horrelako tratamenduek arriskuan jar ditzaketelako erlauntzaren “fruituak”. Joera hori nabaria da joan deneko hamar urtean, eta ikerketak estimulatu ditu, ideia desberdinen eta ikuspegi praktikoen garapenarekin lagunduta, bai erlezaintzaren gestio komertzialaren eta bai ikerkuntzaren alorrean. Horren ondorioz, akaroa borrokatzeko metodo bioteknikoen hedapena nagusitu da erlezaintzaren agendan. Aukera posibleetatik, badirudi umealdia eteteko metodoek dutela ahalmenik handiena erlezaintzaren zereginetan barneratzeko; batik bat, erreginaren kaiolatzeak (Uzunov et al., 2023). Metodoaren praktikotasunagatik eta erraztasunagatik izan du arrakasta zaleetan, erlezain txikietan eta tamaina komertzialeko operadoreetan. Gainera, ikerketa egin berriek erakutsi dute erregina kaiolatu eta azido oxalikoa edo timola umerik gabe dagoela aplikatuta tratamendu konbentzionalen eraginkortasuna berdintzen dela, baita akarizida “gogor” esaten zaien horiena ere (Büchler et al., 2020; Giacomelli et al., 2016).
Teknika ezaguna da erle eztigilearen erregina kaiolatzea, eta herrialde askotan darabilte; horien artean, Italia egongo da ziurrenera lehen postuan. Italiar erlezainek tratamendua udan egiteko kaiolatzen dituzte erreginak; batez ere, koloniaren umealdiak etenik ez duen eskualdeetan. Hala berean, praktikan jartzen dute umerik gabeko aldi artifizial bat neguko tratamendua aplikatzeko (edo are udaberri hasieran) (Lodesani et al., 2019). Alabaina, metodo horrek beste metodo biotekniko batzuekin alderatuta barroa kontrolatzeko dituen onura ugariez gainera (besteak beste merkea izatea, eskulanean inbertsio txikia eskatzea eta soiltasuna), baditu ezkorrak diren alderdiak ere. Erlezainaren kezkak izaten dira erreginaren osasuna, haren iraupena, erle kohortearen arreta egokia eta erlauntzean bakartuta eduki eta gero arrautzak jartzeko izan dezakeen gaitasuna. Azkenik, kaiolaren kokapena finkoa denez —oro har, abaraska batean edo bi abaraskaren artean jartzen da—, ezin da erregina luzaro eduki konfinatuta, batik bat neguko tratamendua egiteko orduan; izan ere, kaiolatutako erreginak ezin dio erle mulkoaren migrazioari jarraitu erlauntz barnean.
Erlezainek, erregina kaiolatzeko teknikarekin ohituta, amets egiten dute erreginari arrautzak jartzea eragoztearekin baina mugimendu aldetik libre egotearekin bere feromonek erlauntzean barrena hedatzen jarrai dezaten. Aurrerapauso bat litzateke hori ziurrenera, eta are ospe handiagoa hartuko luke. Puntu batera arte, hori jada aplikatzen da erregina-kaiola handiagoak erabiliz edo abarasken goiko aldean sareta bat ipiniz; horrela, erreginak eremu naturalago bat du baina eremu murriztu bat hala ere (1. irudia). Gainera, erregina egon daiteke koadro bat edo gehiagoko kaiola batean konfinatua, abaraska kaiolatuaren teknikarekin (Maul et al., 1988). Nolanahi den, kasu horretan ere, erlezainak kaiola barneko umeaz arduratu beharra izaten du konfinamenduaren amaieran, edo hondatuz edo kenduz.
Eraztun bat barroa guztiak gobernatzeko
Badago aipatu ditugun arazo praktikoen konponbide posible bat, Txinatik datorrena. Txinan, erlezainek emaitza onak izan dituzte plastikozko gailu bakun batekin; hodi forma du, eta erreginari jartzen zaio sabelean (2. irudia). Produktu horrek (merkatuan eskura dago) abdomenaren mugimendua eragozten du, gelaxkara sartu eta arrautza errun nahi duenean. Nahiz eta eraztunak errutea eragotzi, ez dirudi erlauntzean libre ibiltzeko gaitasuna kentzen dionik. Gailuaren izen informala (蜂王产卵节制套) antisorgailu gisa itzul daiteke, edo hodi antisorgailu gisa, baita, are, errunaldi kontrolagailu gisa ere. Alabaina, kontuan izanik nolako artezia eta teknika behar den eraztuna gerrikatzeko, eraztuntze proposatzen dugu.
Esan beharra dago txinatar erlezainek joan deneko ia hogei urtean jada erabiltzen dutela eraztunen teknika hau. Eskarmentu sakon hori berresten duten artikulu labur eta testu koadro ugari dago Txinako erlezaintza alorreko aldizkari nagusietan, non eraztuntzearen teknika aipatzen edo laburki deskribatzen baita. Bitxikeria gisa, erlezain batzuek, are, eztabaidatu zuten metodo gisa erabiltzea erreginak elkarrekin ez borrokatzeko eta hartara erlauntza bakarrean erregina bat baino gehiago izateko (Li, 2006). Nolanahi dela ere, fabrikatzaileek argi diote eraztunaren helburu nagusia errunaldia eragoztea dela ume etenaldi bat izatera behartzeko. Pekingo klima baldintzetan, erregina urri hasieratik martxo hasierara eraztuntzen dutenez, erlezain batzuek neguko ume etenaldia luzatzeko eta barroa kontrolatzeko neurri gisa darabilte; era horretan, iparralderagoko latitudeetako baldintza batzuk imitatzen dituzte. Alabaina, teknikak modua ematen du estrategia bat baino gehiago erabiliz Tropilaelaps akaroa kontrolatzeko (Luo et al., 2011, Q. H. Luoren komunikazio pertsonala). Antza denez, akarook neguan borrokatzeko, erlezainek taktika bat baino gehiago darabiltzate koloniaren ume etenaldi luzearekin konbinatuta. Horiek ongi egokituta daude ingurumen baldintzetara, eta akarizida bat baino gehiago inplika ditzakete. Gainera, erlezainek ez dute ohiturarik erreginak udaldian eraztuntzeko, ez denbora laburrez ez denbora luzez, zeren eta batzuetan erregina habiak agertzen zaizkie eta orduan maneiu gehigarriak egin beharra eskatzen du horrek. Nolanahi dela ere, jakin-mina pizten duen itxura hau ikertzen ari gara gaur egun (Uzunov et al., prestatzen). Azkenik, kontuan izan behar da Txinako ingurumen- eta erlezaintza-baldintza ugariak direla-eta erreginen eraztuntzea urtaro, zirkunstantzia eta era ugaritan erabili izan dela.
Eraztunaren diseinua
Eraztuna tutu bakun bat da, barnetik hutsik dagoena, kalitate handiko plastikoz egina eta erreginaren sabelaren aurrealdean (alde kranialean) jartzen dena. Hodia irekia da bi aldeetatik, alde zabalena (erreginaren sabelaren erdialdea inguratzen duena) guztiz irekia da, eta 5,8 mm inguruko diametroa du barnetik (3. irudia). Alderik estuenak, berriz, forma errektangularra du, 3×2 mm ingurukoa, eta erreginaren pezioloa inguratzen du (toraxa eta sabela lotzen dituen atala). Azkenik, bi irekidurak ebaketa longitudinal batez elkartzen dira; horrek modua ematen du bera zabaltzeko. Eraztuna muntatzeko, badira plastikozko pintza berezi batzuk (3c irudia); horren ordez, erlezain batzuek laborategiko pintza estandarrak erabiltzen dituzte, horiek zertxobait moldatuta. Esan beharra dago eraztun produktuok ez dutela denek kalitate bera; ez dituzte berdin fabrikatzen eta ez dute akabera bera. Kalitate oneko produktuak dira aproposenak; gehienbat ertz zorrotzik ez dutenak eta erregina fisikoki zauritzeko moduko osagairik ez dutenak (3. irudia (a) gezia).
a) b) c) d)
Baroia sakrifikatu Dama hartzeko!
Erregina manipulatu eta eraztuna jartzeko, aski da entrenamendu labur bat erlezain trebe batentzat. Erregina markatzeko erabiltzen den teknikaren antzeko trebezia behar da; erne ibili behar dugu manipulatzean erreginari kalterik ez egiteko. Dena den, gure gomendioa da erlamandoekin edo erle langileekin saiatzea lehenengo eraztuna jartzen, eta ez koloniako kiderik baliotsuenarekin. Zuzkitutako pintzak erabiliz edo laborategiko egokitutako batzuk erabiliz, eraztuna zabalduko dugu, eta erregina toraxetik hartu; sabelean jarriko diogu barneko aldetik (4. irudia). Pintzak askatu eta eraztuna itxi aurretik, ziurtatu behar dugu erreginaren pezioloa zehazki gelditzen dela eraztunaren alderdi estueneko irekidura errektangularrean. Azkenik, eraztuna itxita dagoela, errotazio mugimendu leun batekin ziurtatuko dugu eraztuna libre gelditu dela eta gorputzeko beste atalak ez daudela presionatuta edo erantsita. Erreginaren hankek guztiz libre gelditu behar dute, eta hegalek eraztunaren gainazalean (4. irudia eta material gehigarriko bideoa). “Erregina askatzeko” unea heltzen denean ere, erlezainak erne ibili behar du, batez ere erregina pintzaren muturrekin hil edo zauritu gabe. Nolanahi ere, aurretik esan dugun bezala, teknika familiako kideekin praktikatu behar litzateke, eta horren ondoren esango du erlezainak “erlamandoek erregina salbatu dute!” (5. irudia).
a) b) c) d)
“Erregina askatzeko” unea heltzen denean ere, erlezainak erne ibili behar du, batez ere erregina pintzaren muturrekin hil edo zauritu gabe. Nolanahi ere, aurretik esan dugun bezala, teknika familiako kideekin praktikatu behar litzateke, eta horren ondoren esango du erlezainak “erlamandoek erregina salbatu dute!” (5. irudia).
a) b) c)
Prospektiba
Umealdia eteteko beste metodo biotekniko batzuekin konparatuta, erreginak eraztuntzea onuragarria litzateke erlezaintzako beste alderdi batzuetarako, ez bakarrik barroaren kontrolerako. Era berean, hura aplikatzeko ez da behar tresna garestirik eta erraza da oro har. Erreginak kaiolatzearekin konparatuta, merkatuan dauden kaiolek, alboetan erregina bereizleak dituztenek, 0,3 eta 12 euro bitartean egin dezakete, eta ehun eraztunek, berriz, 0,5-1,2 euro balio dute.
Beste behin, erreginen kaiolekin konparatuta, eraztuna bakunagoa da, arinagoa ongi praktikatuz gero, eta, jakina, ez kaioletan sartzeko teknika bezain hondatzailea edo likatsua. Alabaina, erregina kaiolatik askatzean, erlezainak erraz ikus dezake, eta hori ez da hala eraztunaren teknikarekin, kolonia miatzea eskatzen baitu. Hala ere, erregina berehalakoan ikus daiteke eraztunaren kolore biziagatik. Bestalde, potentzial praktiko handia dago teknikaren “digitalizazioan”, eraztunari mikrotxip bat erantsita edo eraztun digerigarri edo (bio)degradagarri bat jarriz prozedura sinplifikatuta; horrela, kendu beharra saihestuko litzateke (5. irudia).
Ikuspegi biologikotik, eraztunak dirudi onena beste behin, zeren eta, umealdia eteteko metodo gehienek erreginaren mugimendua murrizten badute, kasu honetan, erlauntza osoan libre ibil daiteke. Zirkunstantzia horietan, erreginak ustez bere feromonak banatuko ditu homeostasiari eusteko, eta beraz koloniaren baldintza naturalak islatuko ditu; gainera, erle kohorteak hobeto zainduta egongo litzateke. Hala, behintzat, kofoineko mugimendu askatasunak, teknika honen abantaila nagusia denak, aukera bat zabaltzen du ikuspegi berriak esploratzeko umealdia eteteaz denaz bezainbat, gehienbat neguko kaiolatzearen metodoei lotuta erreginaren mugikortasuna murrizteak bere arriskuak dituelako. Eraztuntzearekin erronka hori gaindituko litzateke, eta erreginak erraz jarraitu ahalko lioke erle mulkoari; hortaz, erregina hiltzeko arriskua gutxitzen da, baita arrautza errunaldiaren etete luze baten ondoren ere. Are gehiago, aukera ematen du erreginen bankuetarako teknika hau erabili edo hobetzeko.
Aurrez esan dugun bezala, erreginak eraztuntzea erabakitzen duten erlezainentzat posibilitate praktiko anitz agertuko dira etorkizunean, eta oroz gain probatu eta aztertu egin beharko dira erlezaintza-testuinguru edo -konfigurazio espezifikoetan. Hori dela eta, Pekingo Erle Institutuarekin koordinatuta, Kroaziako, Alemaniako, Italiako eta Mazedoniako kideok elkarrekin, azterketa bat egiten ari gara erreginak negualdian umea eteteko metodoan eraztuntzea aplikatzeak dauzkan ahalbideak eta arriskuak ebaluatzeko, baita koloniaren elikagai kontsumoa eta garapen orokorra zehazteko ere. Azkenik, espero dugu geure azterketaren emaitzek oinarri gisa balio izatea bi metodoak konbinatzeko, hau da, udako ume etenaldia (Mendebaldeko erlezain komunitatean aski ezagunak barroa kontrolatzeko taktika gisa) eta txinatar erlezain batzuek barroa kontrolatzeko neguan darabilten etenaldia. Horrela, erlezaintzako bi munduek duten onena emanez, espero dugu perspektiba natural eta dotore bat eskaintzea barroa akaroa borrokatzeko eta munduko merkatua erlezaintzako produktu seguruz zuzkitzeko.
Material osagarria
Erregina eraztuntzeko bideoa eskura dago artikuluaren online orriko “Supplemental” erlaitzean (https://doi.org/10.1080/0005772X.2023.2263285).
Eskerrak
Eskerrik asko, Martin Gabel, Marin Kovacic, Raffaele Dall’Olio, Annely Brandt eta Jeremy Groome, artikulua hobetzeko iradokizunak egiteagatik.
Adierazpena
Egileek ez dute adierazi inolako interes gatazkarik.
Erreferentziak
Büchler, R., Uzunov, A., Kovačić, M., Prešern, J., Pietropaoli, M., Hatjina, F., Pavlov, B., Charistos, L., Formato, G., Galarza, E., Gerula, D., Gregorc, A., Malagnini, V., Meixner, M., Nedić, N., Puškadija, Z., Rivera-Gomis, J., Rogelj Jenko, M., Smodiš Škerl, M. I., … Nanetti, A. (2020). Summer brood interruption as integrated management strategy for effective Varroa control in Europe. Journal of Apicultural Research, 59(5), 764–773.
2020.1793278. https://doi.org/10.1080/00218839
Chen, S. (2003). A type of honey bee queen oviposition controller. Patent No. CN2585559Y.
Giacomelli, A., Pietropaoli, M., Carvelli, A., Iacoponi, F., & Formato, G. (2016). Combination of thymol treatment (Apiguard®) and caging the queen technique to fight Varroa destructor. Apidologie, 47(4), 606–616. https://doi. org/10.1007/s13592-015-0408-4
Li, Y. (2006). Good results of overwintering using queen oviposition controller, 21. Bee Magazine. [In Chinese].
Lodesani, M., Franceschetti, S., & Dall’Ollio, R. (2019). Evaluation of early spring bio-technical management techniques to control varroosis in Apis mellifera. Apidologie, 50(2), 131–140. https://doi.org/10.1007/ s13592-018-0621-z
Luo, Q. H., Zhou, T., Wang, Q., Dai, P. L., Wu, Y. Y., & Song, H. L. (2011). Identification of Tropilaelaps mites (Acari, Laelapidae) infesting Apis mellifera in China. Apidologie, 42(4), 485–498. https://doi.org/10.1007/s13592-011-0028-6
Maul, V., Klepsch, A., & Assmann-Werthmüller, U. (1988). Das Bannwabenverfahren als Element imkerlicher Betriebsweise bei starkem Befall mit Varroa jacobsoni Oud. Apidologie, 19(2), 139–154. https://doi.org/10.1051/apido:19880204
Uzunov, A., Gabel, M., & Büchler, R. (2023). Summer brood interruption for vital honey bee colonies. ISBN 9781-916612-00-6, Apoidea Press.
Aleksandar Uzunov
State Key Laboratory of Resource Insects, Institute of Apicultural Research, Chinese Academy of Agricultural Sciences, Pekín, China;
Faculty of Agricultural Sciences and Food, Ss. Cyril and Methodius University, Skopje, Macedonia
Posta elektronikoa: uzunov@fznh.ukim.edu.mk
http://orcid.org/0000-0003-1240-868X
Chao Chen
State Key Laboratory of Resource Insects, Institute of Apicultural Research, Chinese Academy of Agricultural Sciences, Pekín, China