ZER DA ERBEL?
HELBURUAK
Helburu nagusia da Apis mellifera iberiensis bertako erlearen Hobekuntza Programa sortzea eta aurrera eramatea. Programa horren bitartez eta bertako baldintzetara egokitutako erleak erabiliz, ekoizpenak hobetu nahi dira, agresibitatea murriztu eta barroarekiko tolerantzia eta erresistentzia handitu; horretarako, ezaugarri egokiak bereizi, erreginak hazi eta elkarri trukatzen dizkiogu.
Bertako erlearen ezaugarriak hobetuz, erlezainen ekoizpenak eta lehiakortasuna hobetu nahi dira, eta, horrekin batera, bertako erlearen iraupena ziurtatu, nola eta dibertsitatea gordez, kanpoko erle arrazen sarrera ekidinez eta erle-kolonien galera murriztuz.
ERBELen beste helburu batzuk dira bertako erlearen Liburu Genealogikoa kudeatzea, erle horren aldeko neurriak hartzea eta horri loturiko proiektuetan parte hartzea.
JARDUNAK
- Erreginak haztea, ernaltzea eta bazkideen artean banatzea.
- Errendimendu probak sustatzea.
- Errendimendu datuak kudeatzea eta kontrolatzea.
- Erreginen hautespena egitea haien balio genetikoetan oinarrituta.
- Ernalketak kontrolatzea:
- estazioen bidez.
- intseminazio instrumentalaren bidez.
- Lortutako hobekuntza genetikoa zabaltzea.
- Bazkideen formakuntza sustatzea.
- Bertako erlearen aldeko ekintzak antolatzea eta horietan parte hartzea.
- Hobekuntzarekin eta kontserbazioarekin loturiko hainbat ikerketatan eta proiektutan parte hartzea.
ZUZENDARITZA BATZORDEA
Batzar Orokorra da elkartearen organo gorena eta aginte maila altuena duena. Urtean behin egiten diren batzarretan bazkide guztiek parte har dezakete.
Zuzendaritza Batzordea elkartea zuzenduko duten kidez osatua dago. Gutxienez lurralde bakoitzeko bi ordezkarik osatzen dute, eta kargu hauek dituzte:
JOSE MARTIN BEOBIDE
Suhiltzailea eta erlezain amateurra.
IÑIGO MENDIBIL
Agian eztiari diodan zaletasuna izango da erlezaintzara hurbiltzeko arrazoia, edo baliteke suhiltzaile bezala erlekumeak batzen ibiltzeak ere zerikusia izatea.
JOXE MARI EIZAGIRRE
Erlezain profesionala 2010az geroztik. Orain erlezain jubilatua.
BIDATZ SASIAIN
Biologian lizentziatua eta analisi eta kontrolean goi teknikaria. Erlezaina, erlezaintzaz ikasteko beti prest.
JULIEN BERTROU
Erlezain profesionala 2015az geroztik. Hemengo erle beltza hazten du eta gure eskuldeko ezti goxoak ekoizten ditu.
MIKELA UNTSAIN
Erleak zaintzen ditut eta erleek bizi arazten naute.
EGOITZ GALARTZA
Albaitarian lizentziaduna eta erlezain profesionala, 2008az geroztik era biologikoan ari dena.
MAIZ EGITEN DIREN GALDERAK
ZERGATIK BERTAKO ERLEA?
Erleek bizitasun ezaugarri handia eta ekoizpen maila optimoa izango badituzte, bertara egokituak egon behar dute. Hortaz, bertara egokituta dagoen erle popupazioa dago probatu eta hautatu beharra.
ZEIN DA NIRE ZEREGINA?
Hobekuntza Programako erreginen errendimendu probak egiteaz arduratzen direnetako bat izango zara, hamar bat kolonia inguru sasoi bakoitzeko. Horrez gain, bazkide zaren aldetik, elkarteko Batzar Nagusiaren eta zuzendaritzaren erabakietan parte hartu ahalko duzu.
ERRENDIMENDU PROBAK EGITEKO ENTRENAMENDUA JASOKO DUT?
Bai! Parte hartzen duten erlezain guztiei emango zaie trebakuntza. Prestakuntza mota bat baino gehiago erabiliko dira (eskuliburuak, entrenamenduak, buletin elektronikoak, webgunea…); horrela, partaide guztiak informatuak eta gaurkotuak egongo dira.
ZENBAT DENBORA EMANGO DIT ERRENDIMENDU PROBAK EGITEAK?
Erlezaintzan koloniak gobernatzeko egin ohi den ahalegin bertsua egin behar da. Dena den, denbora gehigarri bat hartu behar da barroaren kontrola eta test higienikoa egiteko eta erregistroak eramateko.
ZENBAT HOBETUKO DA NIRE ERLEZAIN LANA JARDUERA HONEKIN?
Asko. Zure parte hartze zuzen eta aktiboarekin, eskura izango dituzu hautespen prozesuan sartuta dauden erleak, zeinak, zalantzarik gabe, beren ekoizpena hobetuko baitute urte gutxiren buruan, eta horrek, era berean, zure erlezaintzako jardueraren errendimendua hobetuko du.
Bertako erlearen kontserbazioan interesatuta zaude?
Denbora duzu eta ahalegina egiteko moduan zaude Hobekuntza Programako koloniei errendimendu probak egiteko?
Hamar koloniako estazio-proba bat ezarri eta goberna dezakezu?
Prest zara prestakuntza eta informazio tailerretan parte hartzeko?
Baiezkoa erantzun badiezu galdera hauei, ERBEL da zure elkartea!