Abereetan pentsatzen dugunean, behiak, ardiak eta behorrak etortzen zaizkigu burura, ez aise intsektu bat. Alabaina, erle eztigileak milaka urte daramatza gizakiari lagun egiten, eta gizakiak garrantzi ekonomiko, ekologiko eta kultural izugarriko ganadu jarduera bat gauzatzen du harekin: erlezaintza.
Erleak azienda ere badira
Jende askorentzat (erlezain asko barne), animalia ornodunei lotua dago ganaduaren kontzeptua. Erlea beste ganadu espezie batzuekin alderatzen badugu, ordea, kontua argituko zaigu. Abeltzaintzan, artzaintzan eta behorzaintzan gertatzen den bezala, erleak hazi eta gobernatu egiten dira produktuak lortzeko —hala nola eztia, polena, jelea eta erreginak—, eta hautatu egiten dira ezaugarri eta nolakotasun jakinak kontserbatzeko eta/edo hobetzeko. Gainerako aziendekin gertatzen den bezala, gaitzak pairatzen dituzte, eta ekoizpenerako behar jakin batzuk izaten dituzte; beraz, haien populazioa kudeatu egin behar da.
Abereen erregulazio, kudeaketa eta kontrolak hiru maila ditu Administrazio Publikoan: estatua, autonomia eta toki erakundeak (Europar Batasunaren araudiaz gainera). Erleak ere gainerako ganaduen bloke berean daude arautuak eta kontrolatuak.
Behi hazkuntzak eta erle hazkuntzak dirudien baino antz handiagoa dute: animaliak gobernatu egiten dira, gaitzei aurrea hartu behar izaten zaie, ugalarazi egiten dira eta indibiduo desiragarrien hautespena egiten da.
Baina, erleetan, ba ote arrazarik?
Galderari erantzuteko, komeni da bi kontzeptu bereiztea, nahiz eta, elkarrekin harremana izan, bi eremutakoak baitira: azpiespeziea eta ganadu arraza. Bi terminoek, trukagarriak izanagatik, esanahi desberdina dute.
Azpiespeziea, sailkapen biologikorako kategoria bat da. Espezie bateko populazioak deskribatzeko erabiltzen da. Populazio horiek berezitasun heredagarriak izaten dituzte, eta historia ebolutibo propioa. Populazioak definitzeko, irizpide taxonomikoak, morfologikoak, genetikoak eta geografikoak hartzen dira. Alderdi taxonomikotik, Iberiar penintsulako erlea Apis mellifera iberiensis dela esaten da, erle eztigilearen azpiespeziea.
Baina biologia ez da animaliak aztertzen dituen diziplina bakarra. Zootekniak, etxe abereen hazkuntzan, ekoizpenean eta hobekuntzan diharduenak, kontzeptu propioak darabiltza ganadu populazioak deskribatu eta kudeatzeko. Arlo horretan, arraza kontzeptua ageri da. 2016/1012 Erregelamenduan, 2016ko ekainaren 8koan, animalien hazkuntzari buruzkoan, honela definitzen dute arraza: “Animalia populazio aski homogeneoa, espezie bereko beste animalia populazio batzuetatik desberdintzen dena, hazle elkarte batek edo batzuek hala erabakita; elkarte horiek adostu dute animaliok liburu genealogikoetan erregistratzea, ezagutzen diren arbasoak adierazita, haien herentziazko ezaugarriak ugalketaren, trukearen eta hautespenaren bidez iraunarazteko, hazkuntza programa baten esparruan”.
Irudika dezagun animalia populazio bat denbora askoan eskualde geografiko jakin batean eboluzionatu duena. Azterketa biologikoek aukera ematen dute azpiespezietzat hartzeko. Horretaz gainera baldin badago ganadu kudeaketa bat bideratua doana ezaugarri horiek kontserbatzera, dibertsitate genetikoari eustera eta ugalketa antolatzera, orduan, populazio horri ikuspegi zooteknikotik hel diezaiokegu, eta arraza gisa identifikatu.
Iberiar penintsulako erlearen adibidera itzulita: biologiaren arabera, Apis mellifera iberiensis azpiespeziekoa da, baina, aldi berean, ikuspegi zooteknikotik, erle beltz iberiarraren arrazakotzat jo daiteke. Biologiak laguntzen digu ulertzen zein populazio ari garen ikertzen; zootekniak, berriz, tresnak ematen dizkigu hura ugaldu, ezaugarriak kontserbatu eta hobekuntza planifikatzeko.

Erlezaintzatik hobekuntza genetikora, nola hobetzen dira erle arrazak?
Ezaugarriak kontserbatu eta hobetzeko hautatzen baditugu behiak, ardiak eta zaldiak, zergatik ez dugu antzeko ikuspegia aplikatuko erle populazioekin?
Jende askok uste du erleak hautatzea zera dela, ezti gehien egiten duten koloniak bakarrik aukeratzea, baina ez da hain kontu erraza. Beste ganadutegi batzuetan ere, hala nola haragitako behietan, ez da hiltegian zekorrak pisatzea eta kitto.
Abereen hobekuntza genetikoa egiteko, ezaugarri interesgarriak —eta heredagarriak— identifikatu behar dira, eta ugalketa selektiboaren bitartez lagundu horiei eusten edo areagotzen ondoko belaunaldietan. Hazkuntza programak luzera begira diseinaturiko estrategiak dira, ezaugarri produktiboak (esnea, haragia, artilea, eztia), erreproduktiboak eta gaitzekiko erresistenteak areagotzen dituztenak animalia populazioetan. Horren helburu nagusia bakarra da, esplotazioen errentagarritasuna eta iraunkortasuna handitzea.
Erlezaintzan ere, plantea litezke hautespen helburuak. Alabaina, kolonien berezitasun biologikoak direla medio, espeziera egokituriko metodoak behar dira. Kolonia bat ebaluatzeko, ezaugarri jakinei errepara dakioke: ekoizpenari, garapenari, portaerari, iraupenari eta beste ezaugarri interesgarri batzuei, hala nola barroarekiko erresistentziari. Hautespena eraginkorra izango bada, behar bezain sistematikoki egin behar da, kontuan izanez ingurumen faktoreak ere, emaitzetan eragina baitute.
Adibidez, ustiategi batean kolonia batek ezti asko ekoitzi badu, akaso izango da ezohiko loraldia aurkitu duela, edo aldeko baldintza meteorologikoak. Kolonia batetik bestera desberdintasun genetikorik baden jakiteko, ahal den neurrian bereizi behar dira herentziaren eragina eta ingurumenarena.
Gaur egun, badira tresnak beste ganadutegietan bezala erlezaintzan ere berdin erabiltzen direnak eta orain hogei urte pentsaezinak zirenak:
- estalketa kontrolatuta egindako pedigriak
- ahaidetasuna DNA bidez esleitzea
- intseminazio instrumentala
- estalketa estazioak
- ebaluazio genetikoa

Kontserbatu ala hobetu?
Arraza bat kontserbatzeko modurik onena ez da museoko pieza bihurtzea, baizik eta baliagarria eta errentagarria izaten jarraitzea, eta etorkizuneko erronketara ondo egokitua. Arrazek bizirik irauten dute ganaduzaleek hazten jarraitzeko arrazoiak aurkitzen badituzte. Kontserbazioa eta hobekuntza genetikoa bi tresna osagarri dira, etorkizuna ziurtatzeko balio dutenak. Kontserbazioak populazioaren dibertsitatea eta nortasuna babesten ditu; hobekuntza genetikoak, berriz, aukera ematen du ezaugarri jakin batzuk sustatzeko, haren iraunkortasuna arriskuan jarri gabe.
Izan ere, arraza bat hobetzea aldi berean da hura kontserbatzea: haren ondare genetikoa zaintzea, egokitzeko gaitasuna sustatzea eta haren inguruko guztiari bizirik eustea, hala nola hazkuntzari eta kudeaketari lotutako kultura, jakintza tradizionala, erlezainen beren lana eta produktuak balioetsi eta gozatzen dituztenen interesa.
Abere Arrazen Katalogo Ofiziala
Aurreko guztia garatzeko, ezinbestekoa da erle beltz iberiarra arrazen katalogo ofizialean egotea. Katalogoan sartzen bada, aitortza juridikoa eta babes ekonomikoa emango zaizkio, eta tresna komertzial estrategikoak garatuko dira. Horrek, era berean, arrazaren iraupena eta errentagarritasuna bermatuko ditu. Katalogoan ez badago, erle beltz iberiarra “ikusezin” bihurtuko da administrazioarentzat.
Aitortza ofizialak zer ekarriko duen:
- Lege babesa eta aitortza instituzionala.
- Dirulaguntzak eta sustapena.
- Hazkuntza Ofizialerako Programa: liburu genealogikoa eta aholkularitza zientifikoa.
- Balio komertziala eta bereizgarritasuna merkatuan: “Erabat bertako arrazakoa” logotipo instituzionala.
- Elkarte-egitura ofiziala: hazleen elkartea.
Erlezaintza sektorea hirugarren eta bosgarren puntuak garatzen hasi da, oraindik aitortza ofizialik jaso ez badu ere.

IBERIENSIS federazioa
Gaur egun, IBERIENSISen helburu nagusia da Abere Arrazen Katalogo Ofizialean sartzea erle beltz iberiarra.
IBERIENSIS federazioko kideek urteak daramatzate, gelditu gabe, lan espezializatu eta konprometitua eginez erle beltz iberiarraren arraza kontserbatu eta hobetzeko. Denbora horretan guztian, eginahalak eta bi egin dituzte eta baliabideetan eta prestakuntzan inbertitu hazkuntza programa bat garatzeko irizpide tekniko eta zientifikoetan oinarrituta, arraza ezagunen beste hazle elkarte batzuek egin duten bezala behi frisiarrarekin, andaluziar zaldiarekin eta ardi merinoarekin.
Nagusiki erle beltz iberiarra darabilte gure inguruneko erlezain profesional zein hobbista gehien-gehienek. Iberiar penintsulan dagoen erle natibo bakarra da, eta modu naturalean dago zabaldua lurralde osoan. Horregatik, dibertsitate genetiko zabal-zabalaren gordailu da, eta horrek ezin hobea egiten du animalien hobekuntza genetiko modernoen programetan parte hartzeko.
Erle beltz iberiarra ez dugu zaindu behar iragana kontserbatzeko bakarrik, baita etorkizuneko erlezaintzari ekar liezaiokeen guztiagatik ere.