ERBELen 2026ko udazkeneko jardunaldia

Aurten, Erleen Hautespen eta Genetika Jardunaldia azaroaren 7an izanen da, Zaldibiako Goizane eraikinean (Gipuzkoa). Barroaren gaineko monografikoa izanen da, eta barroari erresistentzia dioten erleen hautespena landuko da. Tratamendu konbentzionalak efikazia galtzen ari diren honetan, beharrezkoa da barroari erresistentzia dioten erleak hautatzea etorkizun hurbilera begira. Gainera, erlea parasitatzen duen eta iristear den beste akaro bat dela medio, Tropilaelaps mercedesae, are eta premiatsuagoa gertatzen da hautespen ildo hori.

Aurten, EHUren eta ERBELen eskutik joango da egunaren antolakuntza. Elkartearen hastapenetik izan dira biak bidaide, eta proiektu asko garatu ditugu (eta ontsalaz garatuko ditugu) elkarrekin, gure lanari ezagutza eta jakintza ekarri diotenak.

Ralph Buchlerrek, Alemaniako Kirchhain Erle Institutuko zuzendari izandakoak, leku berezia izanen du jardunaldian, bi solasaldi eginen baititu barroaren hautespenaz eta akaroak era naturalean kontrolatzeaz. Cecilia Costak —Italiako CREA Nekazaritza eta Ingurumen arloko Ikerketa Zentroko ikertzaile nagusia bera eta apidologian espezializatua— hitzaldi bat emanen du Tropilaelaps mercedesae akaroaz, Europako erlezainoi datorkigun hurrengo buruhausteaz. Iratxe Zarraonaindia (EHU) eta Egoitz Galartza (ERBEL) BEE-GUARDS Europako proiektuaz arituko dira , azken fasean sartua baita. Melanie Parejok (EHU), berriz, erleen hautespenean Ubeeo tresnak utzi dituen emaitzak azalduko ditu. Iñaki Narbaiza, Durangoko Maristak Ikastetxeko Lanbide Heziketako irakaslea, VARROAI proiektuaz solastatuko da. Horren xedea da barroaren infestazioa monitorizatzeko era erraz eta efikazak erdiestea. Azkenik, nahiz eta hizlarietan lehenengorik arituko den, Hegoi Eskudero izanen dugu, erregina hazlea eta erlezain profesionala bera: estalketa estazioak eta ERBEL-erreginak izanen ditu mintzagai.

Egun horretan agertu nahi duenak nahitaez eman behar du izena (info@erbel.eus), eta 10 euro kostako da ERBELeko bazkideak ez direnentzat. Bazkideentzat, berriz, doakoa izanen da. Bazkarirako ere izena eman beharra dago (25 €).