Europako ezti-erleen diagnostiko genetikorako tresnak
Ezti-erleak (Apis melllifera) ekosistema anitzetan daude, zenbait eboluzio-leinutan eta gutxienez 30 subespezietan banatuta. Europan aniztasun horren zati handi bat dago, eta subespezie endemiko ugari ditu lau leinutan banatuta: Afrikakoa (A), Europa Erdialdeko eta Ekialdekoa (C), Europa Mendebaldeko eta Iparraldekoa (M) eta Ekialde Hurbileko eta Asiako Erdialdekoa (O). Hala ere, giza jarduerak pixkanaka murriztu egin ditu bai Europako ezti-erleen dibertsitate genetikoa eta bai haien lurralde naturala. Hain zuzen ere, erreginen merkataritza eta inportazioa eta distantzia luzeko transhumantzia dela medio, dagoen beldurretako bat zera da, ingurunera egokitutako ezti-erle autoktonoen populazioak murriztu edo galdu egingo direla, autoktonoak ez diren erleengatik ordezkatuak edo hibridazio hutsagatik. Frogatuta dago ingurunera egokituta dauden ezti-erleek irauteko gaitasun handiagoa dutela. Beraz, erleen hazkuntza sustatzea garrantzitsua da erleak epe luzera iraungo badu.