Beebreed euskaraz!

Beebreed.eu webgunea, Alemaniako Hohen Neuendorfeko Erlearen Ikerketa Institutuarena, euskaraz kontsulta daiteke orain! Dakizuen bezala, ERBELeko erreginen hazkuntza balioak kontsultatzeko erabiltzen dugu plataforma hori. Plataformaren arduradun Andreas Hopperi eskertu behar diogu bera itzultzeko aukera erraztu izana. Hain zuzen ere, Hoppe izan dugu hizlarietako bat ERBELen aurtengo udazkeneko jardunaldian(https://erbel.eus/eu/2024/12/28/erbelen-2024ko-hautespen-eta-genetika-jardunaldiko-bideoa-3-6-erbelen-hazkuntza-programa-beebreeden/).

ERBELen 2024ko Hautespen eta Genetika Jardunaldiko bideoa (6/7): “Erreginen garrantzia erlategi baten kudeaketan”

Seigarren hitzaldia Osvaldo Atela ingeniari agronomoarena da. Buenos Airesko probintziako “Pedro J. Bover” erle etxaldea eraman du Atelak 35 urtez. Pedro J. Bover etxaldeak 3.800 erregina estali eta 9.000 erregina habia ekoizteko gaitasuna du; horretaz gainera, azken urteetan, hautespen programa bat ezarri dute, hautatutako materiala ugaltzeko. Han ematen duten prestakuntzari esker, Argentina osoko eta atzerriko teknikari eta profesional ugari pasatu dira etxaldetik.

ERBELen 2024ko Hautespen eta Genetika Jardunaldiko bideoa (5/7): “UbeeO: Barroari aurre egingo dioten erleak hautatzeko tresna berria”

Bostgarren bideoa Luis Javier Chueca ikerlariarena da. Chueca doktorea da Euskal Herriko Unibertsitatean, Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioan. 2018an, Eusko Jaurlaritzaren doktore-ondoko beka bat jaso zuen. Horrek modua eman zion Alemanian hiru urteko ikerketa egonaldia egiteko, eta han eboluzioa eta egokitzapen azterketak egin zituen genoma osoak analizatuz. Nazioarteko egonaldi horren ondoren, Luis Javierrek beka bat lortu zuen Unibertsitate Ministerioaren eskutik EHUra itzultzeko eta teknika genetikoak aplikatuz erle eztigile iberiko gogorragoak lortzeko. Gaur egun, BC3n dihardu (Klima Aldaketarako EAEko gunean). Hor ingurumenean basa polinizatzaileek duten eragina ikertzen dihardu, hesteetako mikrobiota aztertuz.

ERBELen 2024ko Hautespen eta Genetika Jardunaldiko bideoa (4/7): “UbeeO: Barroari aurre egingo dioten erleak hautatzeko tresna berria”

Laugarren bideoa Kaira Wagoner Ipar Karolinako Unibertsitateko Biologia Sailekoa ikerlariaren hitzaldia da. Wagoner erle eztigilearen komunikazio kimikoan interesatua dago, batez ere portaera higienikoaren alorrean erakusten duen immunitate sistema sozialean. Doktore tesian, ikertu zuen nolako harremana zuten erle eztigilean estres faktore arruntek, umearen seinaleztatzeak, higiene portaerak eta hazkuntza selektiboak. Doktoretza-ondoko bekadun izan zenean, lan horretan jarraitu zuen, eta gaur egun erle eztigilearen estres seinale naturalak darabiltza portaera higienikoaren hautespena hobetuko duen proba bat garatzeko.

ERBELen 2024ko Hautespen eta Genetika Jardunaldiko bideoa (3/7): “ERBELen hazkuntza programa BeeBreeden”

Andreas Hoppek Hohen Neuendorfen egiten du lan, Berlinen, Erlezaintza Ikerkuntzarako Institutuan. Haren lan arloa da: “Erle eztigilearen hazkuntza balioen kalkulua”. Hauek dira, besteak beste, gaur egun ikerkuntzaren arloan dituen interesak: hazkuntza balioen eredua hazkuntza programa berrietara egokitzea eta hazkuntza balioen kalkulu genomikoa.

Hitzaldiaren izenburua: Programa de cría de ERBEL en Beebreed (ERBELen hazkuntza programa Beebreeden).

ERBELen 2024ko udazkeneko jardunaldia

Aurtengo Erleen Hautespen eta Genetika Jardunaldia azaroaren 16an izango da, Busturiko Ekoetxean, Urdaibairen bihotzean.
Hizlari ariko dira Andreas Hoppe, Hohen Neuendorf erlezaintza arloko ikerketa institutukoa, Beebreed plataformaren arduraduna; Kaira Wagoner, Ipar Carolinako Unibertsitateko Biologia Sailekoa (bideokonferentziaz); Osvaldo Atela, Argentinako ingeniari agronomoa (bideokonferentziaz); Luis Javier Chueca, Klima Aldaketa Ikergai zentroko ikertzailea; Iñaki Narbaiza, Lanbide Heziketako irakaslea Durangoko Maristak Ikastetxean; Hegoi Eskudero, Bizkaiko erlezain profesionala eta ERBELeko erregina hazlea; eta Egoitz Galartza, ERBELeko Hazkuntza Programako koordinatzailea.