ERBELen NEGUKO SOLASALDIAK

Aurten ere, bigarren urtez, neguko solasaldiak antolatu ditugu, formatu erlaxatu batean (online) eta esklusiboki ERBELeko bazkideentzat.

ERBEL 2025eko Apimondian egongo da ERBEL Bee Test aplikazioarekin

Erlezaintzako Nazioarteko Biltzarra da Apimondia federazioaren jarduera printzipaletako bat, bi urtean behin antolatzen dena. Aurten, Kopenhagen izango da, irailean, eta 49. aldiz egingo dute. Biltzar horretan, erakusketa zientifikoak izaten dira, bai ahozko formatuan eta bai poster eran, eta espazio bat izaten du, ApiEXPO izenekoa, erlezaintzarekin zerikusia duen guztirako. Kopenhagen elkartuko dira erlezainak, ikertzaileak, material fabrikatzaileak eta ezti banatzaileak, eta hantxe izango da ERBEL ere, azken urteetan garatu duen aplikazioarekin: poster baten bidez azalduko du nola sortu duen datuak biltzeko aplikazioa, hobekuntza programako erreginak testatzeko.

ERLE-TEK proiektua

Bertako erle beltza arriskuan dago kanpoko erle arrazak direla medio; besteak beste, Buckfast (multihibrido komertziala), erle karnikoa (Balkanetako erlea) eta Italiako erlea (Apis mellifera ligustica). Arraza horiek itxurazko abantailak izan ditzaketen arren —hala nola ekoizpen handiagoa eta otzantasuna—, ez daude tokiko ingurunera egokituta, eta, ondorioz, ez dira hain erresistenteak eskualdeko baldintza espezifikoekiko. Hona ekartzen dituztenean, hibridazioak gertatzen dira bertako erle beltzarekin, eta arriskuan jartzen dituzte bertakoaren garbitasun genetikoa eta erresilientzia intrintsekoa.
Mehatxu horri aurre egiteko, ERBEL duela urte batzuetatik ari da erle beltzaren ezaugarri desiratuak indartzeko hautespen genetikoko programa bat garatzen, bere egokitzapen naturalari euts diezaion. Epe luzeko lan horrek erreginen hazkuntza eta hautespen arduratsua eskatzen du, metodo eta teknologia aurreratuak erabiltzea; esaterako, ERBELGEN proiektuan arrakastaz integratu direnak (ikusi artikulua webgune honetan bertan).

IBERIENSIS Federazioaren posterra Zamorako Erlezaintza Kongresu Nazionalean

Lehengo asteburuan, Espainiako XII. Erlezaintza Kongresua egin dute Zamoran, eta IBERIENSIS federazioak bere burua aurkeztu du poster batekin: IBERIENSIS, Federación de asociaciones de criadores de abeja negra ibérica (IBERIENSIS, erle beltz iberikoaren hazle elkarteen federazioa). Helburua izan da federazioaren helburuak ezagutaraztea bai erlezaintzako sektoreari eta bai komunitate zientifikoari.

Beebreed euskaraz!

Beebreed.eu webgunea, Alemaniako Hohen Neuendorfeko Erlearen Ikerketa Institutuarena, euskaraz kontsulta daiteke orain! Dakizuen bezala, ERBELeko erreginen hazkuntza balioak kontsultatzeko erabiltzen dugu plataforma hori. Plataformaren arduradun Andreas Hopperi eskertu behar diogu bera itzultzeko aukera erraztu izana. Hain zuzen ere, Hoppe izan dugu hizlarietako bat ERBELen aurtengo udazkeneko jardunaldian(https://erbel.eus/eu/2024/12/28/erbelen-2024ko-hautespen-eta-genetika-jardunaldiko-bideoa-3-6-erbelen-hazkuntza-programa-beebreeden/).

ERBELen 2024ko Hautespen eta Genetika Jardunaldiko bideoa (6/7): “Erreginen garrantzia erlategi baten kudeaketan”

Seigarren hitzaldia Osvaldo Atela ingeniari agronomoarena da. Buenos Airesko probintziako “Pedro J. Bover” erle etxaldea eraman du Atelak 35 urtez. Pedro J. Bover etxaldeak 3.800 erregina estali eta 9.000 erregina habia ekoizteko gaitasuna du; horretaz gainera, azken urteetan, hautespen programa bat ezarri dute, hautatutako materiala ugaltzeko. Han ematen duten prestakuntzari esker, Argentina osoko eta atzerriko teknikari eta profesional ugari pasatu dira etxaldetik.

ERBELen 2024ko Hautespen eta Genetika Jardunaldiko bideoa (4/7): “UbeeO: Barroari aurre egingo dioten erleak hautatzeko tresna berria”

Laugarren bideoa Kaira Wagoner Ipar Karolinako Unibertsitateko Biologia Sailekoa ikerlariaren hitzaldia da. Wagoner erle eztigilearen komunikazio kimikoan interesatua dago, batez ere portaera higienikoaren alorrean erakusten duen immunitate sistema sozialean. Doktore tesian, ikertu zuen nolako harremana zuten erle eztigilean estres faktore arruntek, umearen seinaleztatzeak, higiene portaerak eta hazkuntza selektiboak. Doktoretza-ondoko bekadun izan zenean, lan horretan jarraitu zuen, eta gaur egun erle eztigilearen estres seinale naturalak darabiltza portaera higienikoaren hautespena hobetuko duen proba bat garatzeko.

ERBELen 2024ko Hautespen eta Genetika Jardunaldiko bideoa (3/7): “ERBELen hazkuntza programa BeeBreeden”

Andreas Hoppek Hohen Neuendorfen egiten du lan, Berlinen, Erlezaintza Ikerkuntzarako Institutuan. Haren lan arloa da: “Erle eztigilearen hazkuntza balioen kalkulua”. Hauek dira, besteak beste, gaur egun ikerkuntzaren arloan dituen interesak: hazkuntza balioen eredua hazkuntza programa berrietara egokitzea eta hazkuntza balioen kalkulu genomikoa.

Hitzaldiaren izenburua: Programa de cría de ERBEL en Beebreed (ERBELen hazkuntza programa Beebreeden).