Markel Lizasoain
ERBELeko hazkuntza programaren hainbat atal bertatik bertara ezagutzeko asmoz, Balear Uharteetako Dotze Reines elkarteko kideen bisita izan dugu pasa den asteburuan. Dotze Reines (Associació per la Defensa de l’Abella Autòctona de les Illes Balears), Balearretako lau uharteetako erlezainez osatuta dago, eta haien xedea da bertako erlearen alde aritzea.
Bi egun eman dituzte gurean, Ataunen eta Zaldibian, eta ERBELen aldetik formakuntza berezia jaso dute. Larunbat goizean, Ataungo estalketa estazioaren kudeaketaren berri eman zien Jon Etxeberriak, Ataungo estazioaren arduradun eta erregina ekoizle denak. Besteak beste, erreginen estalketetan arrakasta lortzeko modua erakutsi zien Mallorkatik, Menorkatik eta Ibizatik etorritako hogei erlezainei, eta pedigriari eusteko trazabilitatea zorrotz eramatearen garrantzia azpimarratu zuen. Arratsaldean, erreginen ekoizpenaren sekretuak ikasi zituzten Etxeberriaren erlategian, eta ERBELen erlamandoen ekoizpenerako erlategia ere bisitatu zuten Egoitz Galartza ERBELeko koordinatzailearekin.
Igandean, berriz, Gipuzkoako Erlezain Elkartearen lanaren berri eman zien Mikel Zubeldia GEEko lehendakariak. Materialaren salmentarako biltegia erakutsi, elkarteak ematen dituen formakuntza ikastaroen berri eman eta eztia eta propolia ontziratzeko lokala erakutsi zien. Ondoren, testaketa ikastaro bat jaso eta ERBELen intseminazio laborategia ikusi zuten ERBELeko koordinatzailearen eskutik. Arratsaldean uharteetara itzultzeko hegaldiak hartu zituzten hogei lagunek.
Fins aviat!

Erlamandoen ekoizpenerako erlategia.

Estalketa kontrolatuko estazioa.