Markel Lizasoain Baleztena
Gero eta erlezain gehiagok nahi du bere erleen errendimenduaren eta portaeraren jarraipen zehatza egin, datuak modu antolatuan jaso eta edozein unetan kontsultatzeko xantza izan, datuok galtzeko beldurrik gabe. Horretarako sortu da Erbel Bee Test, Erbel elkarteak garatu aplikazioa.
Erbel Bee Test aplikazioak modua ematen du erreginen eta erleen gaineko datuak era argian eta txukunean erregistratzeko. Horri esker, datuak paperean jasotzeko orduan izaten diren hutsegiteak saihesten dira: papera puskatu, zikindu, busti, galdu, nahastu, ahaztu, letra ezin irakurri, haizearen aztoramena… Erbel Bee Test aplikazioarekin mementoan erregistratzen ahal dira errendimendu datuak (berdin dio sarera konektaturik ez bagaude ere). Eta noiznahi kontsultatu. Datuak egokitzeko modua ere ematen du.
Zer eskaintzen dio erlezain partikularrari?
Erlezainak modua du aplikazioarekin bere erreginak erregistratu eta kudeatzeko. Erregina bakoitzari identifikazio bat emanen dio erlezainak: sortze urtea, erreginaren amaren identifikazioa eta estalketa mota sar ditzake. Kanpaina horretan erlategian dituen erreginak agertuko zaizkio aplikazioan eta errendimenduaren arabera onenak sailkatzen joan daiteke urtez urte. Izaniko galerak eta gaitzak erregistratzeko eta oharrak jasotzeko modua ere ematen du. Igurikatzen den emaitza da erlezainek aplikazioa erabiltzean etekin hobea aterako dietela beren datuei.
Nolako datuak erregistratzen dituen
Erbel Bee Test aplikazioarekin, datu hauek erregistra daitezke: erlearen indar maila, ezti ekoizpena, mantsotasuna, abaraskaren gainean duen portaera, umea botatzeko joera, barroaren erorketa naturala, barroaren infestazio maila erle helduan, liztor asiarrari buru egiteko gaitasuna eta nutrizioa.
Paperean ez bezala, aplikazioan erregistraturiko datuak taula batean jasotzen dira automatikoki, eta urte osoko datuak modu ordenatuan ikus ditzake erlezainak urteko edozein sasoitan, urte bukaeran liburuxka batetik datuak erauzten ibili beharrik izan gabe.
Datuak jasotzeko modua
Erbelek bideo labur batzuk ditu esplikatzen dutenak nola jaso behar diren errendimendu datuak. Nornahik kontsulta ditzake Erbel.eus webguneko Erbel Bee Test atalera jota.
Erlezaina erleetara joaten denean, begi kolpe batean ohartzen da bere erleen ezaugarri batzuekin, eta haietako batzuk gogoan hartuta erreginaren bat bereiziko du nukleoak egiteko. Alabaina, zenbat eta segimendu zehatzagoa egin, orduan eta doitasun handiagoarekin erabakiko du zein den erlandererik desiragarriena etorkizunean ugaritzeko. Hortaz, datu ugari jasotzekotan, ezinbestean beharko du euskarri fisiko bat oroimen fotografikoaren graziaz joa ez dagoenak.
Erabiltzeko bi formatu: webgunea eta aplikazioa
Erbel Bee Test eskuratzen duenak bi formatutan izanen du erabilgarri: webgunean eta aplikazioan. Hau da, etxetik erabili ahalko du, ordenagailuko nabigatzailean eta pantaila handian, webgunearen bitartez; eta erlategian, berriz, hor izanen du sakelakorako formatua, Play Storetik eskura dezakeen aplikazio batean (biak ere urtero joanen dira hobetzen eguneraketen bitartez). Erlategian, sakelakorako aplikazioak berdin funtzionatzen du telefono estaldurarik edo seinalerik ez denean ere, aplikazioak automatikoki bidaltzen baititu datuak zerbitzarira seinalea atzematen duenean.
Hortaz, erlategian sakelakoarekin edo tabletarekin moldatzen ez denak aukera du datuak ohi bezala paperean jaso eta ondoren etxean Erbel Bee Test web-orrian datuok erregistratzeko eta pantaila handiagoan kontsultatzeko.
2026an, urririk
Aurten, dohainik erabili ahal izanen dira aplikazioaren funtzionalitate guztiak, 2026ko irailera arte. Irailetik aurrera, berriz, aplikazioa ordainpekoa izanen da. Helburua argia da: erlezainak animatzea tresna berria probatzera, erleekin lan egiteko modua errazteko eta datuen kalitatea hobetzeko.
Aplikazioa eskuragarri dago euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez, ingelesez, alemanez eta danieraz.
Euskal Herrian sorturiko aplikazioa
App hau garatzeko ardura Durangoko Maristak Lanbide Heziketako ikastetxeari eskatu zion Erbelek. Hiru urtez elkarlan estuan jardun dira elkartea eta ikastetxea, aplikazioaren diseinua eta funtzioak taxutzen. Horrenbestez, Erbelek bere harri koxkorra ezarri du etorkizuneko langileen formakuntzan.
Bi fasetan garatu dute. Lehen fase batean, web formatua diseinatu zuten, eta horrekin aplikazioaren oinarriak ezarri: datu basea, datuak sartzeko formularioa, erabiltzaileen eta baimenen kudeaketa, CSV fitxategiak esportatzea… Eta bigarren fase batean etorri da Androiderako aplikazioaren garapena: informazioa atzitzeko interfazea, webguneko datu basearen zerbitzariarekin integratzea, datu base lokalaren diseinua, Android aplikazioaren garapena, Play Storen eskuragarri jartzea…
Sortzeko bide horretan, hizkuntza behar anitz sortu dira, eta horren emaitza da egun euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez, ingelesez, alemanez eta danieraz izatea. Beste edozein hizkuntzatara aldatzeko arazorik ez da, testua moldagarria baita INC formatuko fitxategi batetik.
Erbel: elkarte ttipia, asmo handiak
2018an eratu zen Erbel Erle Beltz Hazleen Elkartea, eta aitzindaria izan da Apis mellifera iberiensis erlearen hobekuntza genetikoan eta hautespenean. Hazkuntza programa bat abiatu zuen, eta horren helburua da erregina iberiarren datuak jasotzea errendimendu proben bitartez (ezti ekoizpena, gaixotasunekiko erresistentzia, mantsotasuna eta abar), hau da, erreginen ekoizpen eta portaera datuak erregistratzea, ondoren aitzineko geldituko diren erreginak hautatzeko. Orain arte, datuok fitxa batzuetan jasotzen ziren, orrietan zuzenean idatzirik. Elkartearen aurreneko urteek emaniko eskarmentuarekin, Erbelek teknologia berrien aldeko parioa egin du paperak dakartzan arazoak saihesteko eta erlezaintza sektorearen eraberritzeko. Hala, Europa mailan izan da aitzindaria aldi honetan, horretarako propio aplikazio hau sortuz. Ildo horretan, Erbel lankidetzan ari da Beebreed plataforma kudeatzen duen Alemaniako Landerinstitut fur Bienenkunde institutuarekin, eta, horri esker, Erbel Bee Test aplikazioak sarbidea du erlamen estatistiketara. Erbel elkartearen asmoa da tokiko erle arrazen dibertsitate genetikoa atxikitzea eta hedatzen laguntzea; horregatik, eskura ezartzen ditu orain aplikazioak dakartzan abantaila guztiak erlezain partikularren zein elkarteen mesedetan.
Erbel, biharko erlea sortzen