Egoitz Galartza Garaialde
Ekainaren 13tik 15era, Umberto Moreno zooteknista kolonbiarra izan dugu ikastaroa ematen intseminazio instrumental aurreratuaren gainean ERBELeko bazkide talde txiki bati. Igandean, berriz, hitzaldia eman zuen erlezaintzako zenbait alderdiri buruz, eta azpimarra jarri zuen umea eta barroa nola kontrolatu.
Morenok eskarmentu zabala du erleen munduan. Kolonbiako Zootekniako ikasketa profesionalez gain, trebakuntza egin zuen Brasilen, Sao Pauloko Unibertsitatean, erleen genetikaren inguruan. Lau hilabeteko praktikaldia egin zuen AEBetan Marla Spivakekin, eta hartan intseminazio instrumentalean abiatu zen. Urte batzuk geroago, berriz, sakondu egin zuen arlo hori Susan Cobeyrekin. Bi urtez ere ibili zen Zeelanda Berrian, manuka eztia ekoizten, eta 2.100 erlauntza ere eduki zituen bere kargu. Geroztik, Kolonbiara itzulirik, ikerkuntza proiektu batzuetan parte hartu du Unibertsitate Nazionalarekin, afrikar erlea erabiliz, eta 2016an, Apicultura Especializada SAS enpresa sortu zuen.
Zalantzarik gabe ikus-entzuleek nabaritu genuen esperientzia zabal hori haren hitzetan.
Eskerrik asko, zure irakaspenengatik!