Egoitz Galartza Garaialde
Erlezaintzako Nazioarteko Biltzarra da Apimondia federazioaren jarduera printzipaletako bat, bi urtean behin antolatzen dena. Aurten, Kopenhagen izango da, irailean, eta 49. aldiz egingo dute. Biltzar horretan, erakusketa zientifikoak izaten dira, bai ahozko formatuan eta bai poster eran, eta espazio bat izaten du, ApiEXPO izenekoa, erlezaintzarekin zerikusia duen guztirako. Kopenhagen elkartuko dira erlezainak, ikertzaileak, material fabrikatzaileak eta ezti banatzaileak, eta hantxe izango da ERBEL ere, azken urteetan garatu duen aplikazioarekin: poster baten bidez azalduko du nola sortu duen datuak biltzeko aplikazioa, hobekuntza programako erreginak testatzeko.
Apimondia da Nazioarteko Federazio bat Erlezain Elkarteek eta erlezaintzako sektorean diharduten beste erakunde batzuek osatua (1895). Gobernuz kanpoko erakundea da, eta hartan biltzen dira erlezainak, erlezaintzako ekipoen fabrikatzaileak eta erlezaintzan, apiterapian, polinizazioan, garapenean eta ekonomian murgilduta dauden zientzialari andana. Helburu printzipala du informazio trukea erraztea eta eztabaidatzea. Hain zuzen ere, horretarako elkartzen dira erlezainak, zientzialariak, ezti merkatariak, garapen agenteak, teknikariak eta legegileak: batek besteari entzun, eztabaidatu eta ikasteko.

Apimondiaren aldi honetan, beraz, ERBEL egongo da, eta aurkeztuko du ERBEL Bee Test, erreginen hautespen eta hazkuntzan errendimendu datuak jasotzeko balio duen aplikazioa:
“Etorkizun handiko bidea da ezti-erlearen populazioak genetikan arloan hobetzea; izan ere, horrela, lortuko genuke erlezaintza eraginkorragoa eta iraunkorragoa izatea: kolonien ekoizpena handitzeko modua emango luke, azienda errazago gobernatuko genuke, erle populazioei ingurumen baldintzetara egokitzen lagunduko genieke eta gaitzekiko erresistentzia handitzen, eta zeregin funtsezkoa izango luke Apis mellifera-k dituen populazio motak kontserbatzeko orduan.
Apimondiaren 1972ko biltzarrean, kolonien errendimendu probak egiteko arauak aurkeztu zituzten, eta, nahiz eta, gerora, alderdi askotatik egokituak izan, protokoloak berdin balio du gaur egun oraindik ere. 1989an, BLUP sistema, aziendaren hautespenerako erabiltzen dena, egokitu egin zen ezti-erlerako, eta hortik sortu zuen Alemaniako Länderinstitut für Bienenkunde institutuak aurrerapen funtsezko bat hazle antolatuentzat: balio genetikoak estimatzeko https://beebreed.eu web plataforma.
Nahiz eta hazkuntza datuen prozesamenduan aurrerapen teknologikoak gertatu diren big data delakoaren bitartez, oraindik ere paperean erregistratzen dituzte errendimendu datuak erlezain gehien-gehienek hazkuntza programetan eta hobekuntza genetikoan dihardutenen artean. Jokabide horren ondorioz, datuen ehuneko bat andeatu egiten da, letrakera oker irakurrita, txartelak galduta nahiz transmisioan huts eginda.
Hain zuzen ere, arazook saihesteko eta hazkuntza programako beste alderdi batzuk hobetzeko garatu dugu ERBEL Bee Test aplikazioa. Horri esker, erreginen proben datuak erregistra ditzakegu hautespen prozesuan, aplikazioak aukera hauek ematen baitizkio erabiltzaileari:
a) Datuak era ordenatuan eta argian biltzeko.
b) Datuak istant batean BeeBreed plataforman kargatzeko eta, hala, hutsegiteak saihesteko.
c) Datu historikoak biltegiratzeko eta behar direnean deskargatzeko.
d) Erregistratutako datuen zehaztasuna balidatzeko eta testatzaileei ohartarazteko probaren bat oker egiten ari bada; izan ere, modua ematen du segimendua denbora errealean egiteko: probak nor eta nola egiten ari den.
e) Proba aldiaren erdian erreginen aurreneko selekzio bat egiteko.
Aplikazio hau erabilita, berehala hobetzen da errendimendu datuen bilketa; izan ere, probatzaileen lana gainbegiratu egin daiteke, eta, zer edo zer zuzen egiten ari ez badira, ohartarazi eta zuzendu. Horrela, laster jasoko ditu onurak hazkuntza programak berak ere, bildutako datuen kopurua eta kalitatea handitu egingo baitira”.
Kopenhagen ikusiko dugu elkar!