Hobekuntza genetikoa eta estalketen kontrola erleetan

Egoitz Galartza Garaialde

Erlezaintza eraginkorragoa eta iraunkorragoa egiteko modurik onena tokian tokiko erle eztigileen hobekuntza genetikoa egitea da; izan ere, horrek handitu egiten ditu kolonien errendimendua eta bizitzeko aukerak: tokiko arrazak ingurunera egokituta daudenez, inguruko baliabide naturalak gehiago aprobetxatzen dira, eta aldi berean janari artifizial gutxiago erabili behar da. Bestalde, tokiko erlean erlezaintzarako interesgarriak diren ezaugarriak hobetuz, tokiko azpiespeziea erakargarriagoa bihurtzen da kanpoko azpiespezie hobetu bat baino; horrela, azpiespezie hori kontserbatzea lortzen da, eta aldi berean ondasun genetiko hori guztia eraginkorragoa izatea. “Erabiliz kontserbatzea” da Europa osoko hazkuntza programa ugariak gidatzen dituen esakunea. Hazkuntza programa batek erlezainek desiratutako ezaugarriak txertatu nahi dizkie erle azpiespezie natibo ugariei; erlezainarentzat erle hobetua lortuz gero, tokian-tokian egokituta dagoen erlea kontserbatu egingo baita.

Are gehiago, Europako herrialde gehienetan, badira erle hazkuntzan espezializatuta dauden elkarteak, tokiko administrazioekin batera dihardutenak hautespen eta hobekuntza genetikorako programak aurrera eramanez. Testuinguru horretan dago ERBEL elkartearen Hazkuntza Programa, erle beltzarekin daramana (www.erbel.eus).

Erreginen ugalketa balioa handitzea

Abeltzaintzaren munduko edozein hazkuntza programatan hobekuntza genetikorik izan dadin, ar eta eme hautatuen estalketa kontrolatu behar da; orain are eta gehiago, ekoizpen datuen ebaluazio genetikoa BLUP animalia-ereduaren bitartez egiten denetik. Erleen kasuan ere erabil daiteke BLUP sistema ebaluazio genetikoa egiteko (“Genetic evaluation in the honey bee considering queen and worker effects — A BLUP-Animal Model approach”, Kaspar bienefeld) eta estalketak kontrolatzeko, zaila bada ere. Zaila baina, haatik, funtsezkoa. Bestalde, estalketak kontrolatuz, erreginaren pedigria jakin dezakegu, eta, horri esker, hobekuntza programa batean inplikatuta dauden erreginen balio genetikoek fidagarritasuna irabazten dute. Horretaz gainera, hobekuntza genetikoa bi gurasoetan lortzen da, erreginetan eta erlamandoetan, ez bakarrik erreginen aldean, hori gertatzen baitzen estalketak kontrolatzen ez zirenean. Hortaz, erleen hazkuntza programetan estalketak kontrolatuz, aurrerapen genetikoak bizkorrago etortzen dira hautatutako lineetatik, eta ondorioz erreginen ugalketa balioa handitu egiten da.

Estalketen kontrola

Erlezaintzan, beste abelazkuntza batzuetan baino dezente zailagoa da estalketak kontrolatzea, erreginak eta erlamandoak airean ezkontzen direlako. Erregina jaioberriak erlauntzetik kanpo joan behar du estalia izateko; horretarako, eztei hegaldi edo estalketa hegaldi esaten zaienak egiten ditu. Gainera, Apis mellifera espezieko erreginak poliandrikoak dira; hau da, erlamando batekin baino gehiagorekin uztartzen dira. Erlamandoak, aldiz, monogamoak dira, erregina estali eta hil egiten baitira. Hegaldi horietan, erreginak erlamandoen biltzartokietara joaten dira. Toki horietan, milaka erlamando biltzen dira, 10.000 eta 15.000 artean, eta hor ibiltzen dira erregina birjinak noiz agertuko. Erregina behin baino gehiagotan estal dezakete eztei hegaldi bakarrean, eta arrunta izaten da hegaldi bat baino gehiago egitea egun berean edo zenbait egunez jarraian aro onak egiten baditu.

Apis mellifera espeziean estalketak bideratzea zaila eta konplexua bada ere, badira metodo bat baino gehiago horretarako. Intseminazio instrumentala da bat, orain 100 urte garatua eta ordutik hona hobetuz joan dena. Horrek modua ematen du estalketak guztiz kontrolatzeko. Metodoa erabiltzeko, material espezifikoa behar da, eta teknifikazio handia. Gainera, sasoian-sasoian, teknikari estalarazle batek kopuru txikitan baino ez dezake intseminatu. Horregatik, sistema garestia da tamaina handiko populazio batean erabiltzeko. Kopulak kontrolatzeko beste modu bat estalketa tenporalak dira, hegaldi berankorrak ere esaten zaienak (Delayed Flight Time Mating): gurutzatu nahi diren erreginen eta erlamandoen hegaldiak mugatzea da kontua, hau da, inguruko populazioetako erlamandoak hegaldietatik kolonietara itzuli diren orduetan estalaraztea. Metodo hori ospea hartzen ari da azken urteetan, eta oso egokia da sasoi batean erregina kopuru txiki baten estalketak kontrolatzeko. Nolanahi dela ere, erreginak eskala ertainean eta handian estalarazteko sistemarik egokiena geografikoki bakartzea da, eta erlamandoak era masiboan ekoiztea kolonia erlamandogileen bitartez.

Zer da estalketa estazio bat?

Estalketa estazio bat kolonia multzo bat da, erregina birjinen nukleoak eta kolonia erlamandogileak dituena erreginak estazioan hazitako erlamandoekin estalarazteko. Erregina birjinen koloniak eta kolonia erlamandogileak ez dira egoten kokapen berean. Kolonia erlamandogileak toki batean baino gehiagotan ezartzen dira, elkarrengandik distantzia batera eta erreginetatik bereiz.

Geografikoki bakartzea da ERBELek bere estalketa estazioetan darabilen metodoa, eta erlamando sail handi bat ekoizten du kolonia erlamandogileen bitartez. Helburua da estalketetarako aukeratutako eremua erlamandoz saturatzea; horrela, badakigu zein erlamando dabilen eremuan, eta estalketak kontrolatzen ditugu. Alabaina, metodo hori erabiltzeko, geografikoki bakartuta dagoen eremu bat behar da, hazkuntza programatik kanpo dauden erlamandoei sartzen ez uzteko, eta hori ez da erraza izaten askotan. Alde horretatik, estalketa estazioak 10 kilometro luze ditu, eta bi aldeetatik 800 metroko mendiez inguratuta dago.

Hala ere, estalketak kontrolatzeko aipaturiko beste bi metodoak ere erabili eta probatu egingo ditu ERBELek bere programan. Batetik, intseminazio instrumentala desiratutako lineen gurutzaketak egiteko metodo gisa erabiliko dugu, eta, bestetik, aurten, landa proba bat egingo dugu bakartze tenporalaren metodoa probatzeko.