Egoitz Galartza Garaialde
ERBELen jakitun gara gure erlea nolako hibridazioak jasaten ari den kanpoko erleen erruz eta horrek nolako arazoak ekartzen dizkieten erlezainei. Erlezain horiek beren gogoz kontra gertatzen dira ezaugarri txarragoak dituen erle hibridatuekin lan egitera edo erregina hibridatuak aldatu eta horrek dakarkien gastua beren gain hartzera.
Arazo horretaz gain, are eta larriagoa den bat etor liteke baldin eta ez badira neurri egokiak hartzen; hau da: bertako azpiespeziea edo arraza galtzea, Europako beste herrialde eta eskualde batzuetan gertatu den bezala.
Horregatik, ERBELek martxan jarri du kanpaina bat gure erleak behar lukeen babes juridikoa lortzeko. Gure ustez, altxor bat da erla hau, erle eztigilearen aldakortasun genetikoaren zinezko gordailua.
Helburua da bertako erleari laguntza eta babesa emango dioten politikak jartzea eta aldi berean kanpoko azpiespezieei betoa ezartzea.
Hauxe da gure mezua:
- Bertako erlea da egokiena bai hemengo erlezainentzat eta bai hemengo baldintzetarako.
- Arraza edo azpiespezie desberdineko erleak ezin dira elkarrekin bizi, elkarrekin gurutzatzen direlako. Ondorioz, aldakortasun genetikoa urritzen da, eta tokian-tokian egokitzeko gaitasuna ematen duten geneak galtzen dira.
- Egiazko arazoa da hau, oraindik garrantzi larririk hartu ez duena, baina, neurri egokiak hartu ezean, larri bihurtuko da. Errazagoa, eraginkorragoa eta merkeagoa izango da orain ekitea, ezen ez berreskurapen eta babes neurriak aplikatzea tokiko arraza jada galdua dagoen ingurune batean.
- Bertako erlearen erabilera, merkaturaketa eta hobekuntza sustatzeko politikak egin beharra dago, bera babestuko badugu.
- Eskatzen dugu legeak jartzea bertako erlearen alde, eta debekatzea ERBELek hartzen duen lurraldean Apis mellifera iberiensis ez den azpiespezieen sarrera, ugalketa, erabilera eta merkaturaketa.
Kanpaina dela eta, hemen publikatzen dugu ERBELek Arabako Batzar Nagusietan egindako agerraldia bertako erlearen aldeko babes juridikoa eskatzeko.