ERBELGEN proiektua

Egoitz Galartza Garaialde

Hobekuntza Programa batean, ernalketaren kontrola da etaparik garrantzitsuenetako bat. Ganorazko Hazkuntza Programa batek gauza izan behar du balio genetikoetan oinarrituta eta gurasorik onenak hautatuta, amarik onenak dituzten erregina birjinak amarik onenak dituzten erlamandoekin ernalarazteko. ERBELek bi modu ditu ernalketa horiek kontrolatzeko, Intseminazio Instrumentala eta Estalketa Estazioa. Orain berriki, ernalketa naturala berme genetikoz gauzatzeko, ERBELGEN Proiektua jarri dugu martxan.

Desberdindu beharra dago estalketa (bi sexuetako organismoen parekatzea, oro har, ugalketa sexualaren xedearekin) eta ernalketa (bi zelula sexual, gameto arra eta emea, batzea, beren nukleoak bat egin arte, eta ondorioz zigotoa sortzea). Lehenengo estalketa gertatzen da, eta ondoren, ernalketa gertatuko da edo ez da gertatuko.

Erleen kasuan, estalketa airean egiten dute erreginak eta erlamandoak, hegan ari direla. Alabaina, arrautzen ernalketa oboposizioz gertatzen da, obiduktutik obulua atera, zenbait espermatozoiderekin kontaktuan jarri eta horietako batek ernaldu egiten duenean. Espermatozoide horiek erreginaren espermatekan egoten dira biltegiratuak estalaldiaz geroztik, egun, aste edo are urte batzuk lehenagotik.

Abeltzaintzako beste espezie batzuetan ernalketa bideratua erraza bada ere, erleen kasuan ez da hala espeziearen ugalketa portaera dela eta. Erregina birjinaren eta erlamando ugarien arteko ernalketa airean gertatzen da, erlauntzetatik distantzia batera, erlamandoak biltzen diren eremuetan (Drone Congregation Areas, DCA). Hori dela medio, izugarri zaila da erregina birjinak erlamando hautatuekin ernaltzea.

ERBELen ernalketa estazioaren ziurtagiria eta aitortza osoa lortzeko —2019tik dabil funtzionatzen—, ERBELGEN proiektua jarri dugu martxan. Proiektu horren parte dira ERBEL (proiektuaren liderra), Euskal Erle Beltza eta Apidena elkarteak, Euskal Herriko Unibertsitatea eta Neiker institutua. Horretaz gainera, Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa euroeskualdean aurkeztu dugu plana, zeinak eskualdeko proiektuak garatu eta bultzatzen baititu alor askotan, hala nola ekonomian, enpleguan, hezkuntzan, mugikortasunean eta ingurumenean. ERBELGEN proiektua finantzatzeko, 31.835,89 euro eman dituzte, eta hemezortzi hilabete daude hura betearazteko.

Proiektu honetan, analisi genetikoak eginez baliozkotzat eman nahi ditugu bai testak egiteko erreginen Estalketa Estazioa eta bai Genetika Garbia erdiesteko Estalketa Erlategia.

TESTAK EGITEKO ERREGINEN ESTALKETA ESTAZIOA

Estalketa Estazio bakartuak teknika efiziente bat izan daitezke erleen estalketa kontrolatzeko; horretarako, erlamando hautatuen hazkuntza bideratua erabiltzen da.

Estalketa Estazioaren balidazioa eginda, ziurtatu nahi dugu toki honetan ernaldutako erreginak ERBELek leku horretarako hazitako erlamandoekin estaltzen direla.

Horretarako, analisi genetikoak egingo ditugu:

  • Aita zein den jakiteko: erlamandoak ekoitziko dituzten 57 erreginatatik (4a), erregina bakoitzetik, 30 erlamando aztertuko ditugu. 57 analisi.
  • Ama zein den jakiteko: estazioan estaliko dituzten 200 erregina baino gehiago diren horietatik 30 aztertuko ditugu ernaldu ondoren. Hamar erle langileren eta 30 erlamandoren laginak hartuko ditugu. 330 analisi guztira.
  • Aurten erabiliko diren erregina amak ere (2a) aztertu egingo ditugu, horietako bakoitzaren 30 erlamando.
  • Guztira 407 analisi genetiko.

GENETIKA GARBIA ERDIESTEKO ESTALKETA ERLATEGIA

Ipar Euskal Herrian tokiko erlearen garbitasun genetikoa bermatzeko, non erlea oso hibridatua baitago eta ez baitago estalketa egiteko bermea ematen duen eremurik, Ernalketa Erlategi bakartu bat jarriko dugu Iratiko haranean.

Erlezainek beren erreginak ekartzen ahalko dituzte erle beltzaren arrekin estaltzeko.

Estalketa erlategi horren balidazio genetikoa ere egingo dugu:

  • Udaberrian: hemen ernaldutako bost erreginaren langileak (1a) aztertuko ditugu, baita 30 erlamando ere.
  • Udan: hemen ernaldutako bost erreginaren langileak (1a) aztertuko ditugu, baita 30 erlamando ere.
  • Guztira 110 analisi.

Analisi genetikoak, EHUren genetika sailaren bitartez, Eurofins Geneticsen laborategietan egingo dituzte, Danimarkan. Laginketak laster hasiko ditugu, eta udazkenera arte luzatuko dira; lehen emaitzak, berriz, 2020aren amaiera aldera izango ditugu.

Leave a Comment