Bertako erle arrazaren aitorpen ofiziala lortzeko bidean, ERBELek bultzatuta, Espainiako Estatuko erle hazleen elkarteen federazio bat sortzeko asmoarekin, lantalde bat sortu da, 2019ko urtarrilean, Zaldibian egindako bilera baten ostean.
Bilera horretan, leku askotako hainbat elkarteren ordezkarik eta erlezainek hartu dute parte, hala nola Kantabriakoak, Zaragozakoak, Huescakoak, Kataluniakoak eta Guadalajarakoak.
Bertan, ERBELeko kideek elkartearen lan egiteko modua erakutsi dute, gure Hautespen Programa; besteren artean, erreginen banaketa, errendimenduen kontrola, ebaluaketa genetikoa eta hazkuntza balioetan oinarritutako erreginen hautespena.
Hori azaldu ondoren, bertaratuei proposamen bat egin die ERBELek: bertako erle arraza kudeatuko duen estatu mailako erakunde bat sortzea, non lurraldeetako elkarteek parte hartuko luketen, berdintasunean. Epe laburreko helburua da bertako erlearen onarpen instituzionala lortzea
Erakunde horren Hazkuntza Programa ERBELekoan oinarrituta egongo da, eta erabiliko diren errendimenduen kontrolak zein horien ebaluaketa genetikoa berdinak izango dira; Alemaniako Länderinstitut für Bienenkunde erle institutua arduratuko da ebaluaketaz. Federazioa sortu aurretik, hazkuntza elkarteak sortu behar dira beste lurraldeetan ere; lantaldearen zereginetako bat izango da hori bultzatzea.