Egoitz Galartza Garaialde
Bertako erle beltza arriskuan dago kanpoko erle arrazak direla medio; besteak beste, Buckfast (multihibrido komertziala), erle karnikoa (Balkanetako erlea) eta Italiako erlea (Apis mellifera ligustica). Arraza horiek itxurazko abantailak izan ditzaketen arren, hala nola ekoizpen handiagoa eta otzantasuna, ez daude tokiko ingurunera egokituta, eta, ondorioz, ez dira hain erresistenteak eskualdeko baldintza espezifikoekiko. Hona ekartzen dituztenean hibridazioak gertatzen dira bertako erle beltzarekin, eta arriskuan jartzen dituzte bertakoaren garbitasun genetikoa eta erresilientzia intrintsekoa.
Mehatxu horri aurre egiteko, ERBEL duela urte batzuetatik ari da erle beltzaren ezaugarri desiratuak indartzeko hautespen genetikoko programa bat garatzen, bere egokitzapen naturalari euts diezaion. Epe luzeko lan horrek erreginen hazkuntza eta hautespen arduratsua eskatzen du, metodo eta teknologia aurreratuak erabiltzea; esaterako, ERBELGEN proiektuan arrakastaz integratu direnak (ikusi artikulua webgune honetan bertan).
Fase berri honetan, hautespen prozesua modu berritzailean bizkortzea da helburua, eta hautespen genetiko tradizionala eta monitorizazio-teknologia aurreratuak konbinatzea. Horren barruan sartzen da sentsoreak eta kamerak erabiltzea erlamandoen errunaldia behatzeko eta osasun-arazoak modu proaktiboan detektatzeko. Teknologia horien konbinazioari esker, hautespen prozesua nabarmen arindu ahalko da, eta, azkenik, erle beltzaren ezaugarriak hobetu. Horrela, erlezainek balioesten dituzten ezaugarriak lortuko dira, hala nola otzantasuna eta ekoizpen handiagoa, arriskuan jarri gabe erresistentziarako eta tokiko ingurunera egokitzeko duen gaitasuna. Horrela, erlauntzen osasuna bermatuko dugu, funtsezkoa dena eskualdeko nekazaritzaren iraunkortasunerako eta giltzarri diren laboreen polinizaziorako.
Hori kontuan izanda, proiektu hau aurkeztu dugu: ERLE-TEK, Erle beltza kontserbatzeko eta osasunez hobetzeko hautespen genetikoa eta monitorizazio adimenduna. Xedea da tokiko erle beltzaren hobekuntza zikloak bizkortzea, hautespen genetikorako teknika aurreratuak integratuta, hala nola doitasun handiko monitorizazio tresnak. Ikuspegi horrek galerak eta ziurgabetasunak gutxituko ditu, eta hautespen bizkorra eta eraginkorra egiteko modua emango digu. Horrez gain, erle beltzaren lehiakortasuna indartuko dugu kanpoko arrazen aldean.
Aurreikusitako emaitzak dira:
1. Erlamando arrautzak erruten noiz hasten diren identifikatzeko gaitasuna izatea, giltzarrizkoa erregina hazkuntza sinkronizatzeko eta ugalketa optimizatzeko.
2. Erlamando helduen presentzia egiaztatzeko gaitasuna izatea erreginen estalketa aldi osoan.
3. Erlamandoen hazkuntza jarraituan erabakigarriak diren klima faktoreak identifikatzeko gaitasuna izatea.
4. Ume hazkuntzaren hasierako etapetan gaixotasunak detektatzea eta interbentzio goiztiarrak eta eraginkorrak egiteko modua izatea.
5. Erlauntzean adimen artifiziala integratzen duen bideo monitorizaziorako produktu berri bat TRL9rainoko heldutasunera eramatea.
Aktitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdeak hautatu egin du ERLE-TEK proiektua. Euroeskualde horrek eremu askotako proiektuak garatu eta babesten ditu, hala nola ekonomia, enplegua, hezkuntza, mugikortasuna eta ingurumena. Proiektu horretako partaide dira ERBEL (proiektuko liderra), Broodminder enpresa (erlauntzen urruneko monitorizazioan espezializatua) eta Apidena (Nafarroako Erlezainen Elkartea).
Abiatua da proiektuaren lehen fasea, erlategiak prestatu eta erlauntzetan baskulak eta sentsoreak instalatzearena.
