Egoitz Galartza Garaialde
Erleen ugalketa gertaera konplexu eta partez ezezaguna da. Erreginaren bizialdian behin baino ez da jazotzen. Jaio eta lehen egunetan, ar batzuekin estaltzen da, eta, horrela, behar den adina espermatozoide biltegiratzen du espermatekan. Erreginak bere bizi osoan erabiliko du esperma hori, behar ahala, obuluak ernaltzeko eta erle langile eta erreginak sorrarazteko. Hala, Apis mellifera espeziearen emeak diploideak izango dira (bi kromosoma sailekin osatutako indibiduoak), eta erlamandoak, berriz, obulu ez ernalduetatik datozenak, haploideak izango dira (kromosoma sail bakarrekoak). Erreginak behin baino gehiagotan estaltzen dira erlamandoekin; erlamandoak, ordea, monogamoak dira, eta kopulatu eta gero hil egiten dira.
Hautespen naturalak mesede egin die portaera mekanismo batzuei, ahaide diren erreginen eta erlamandoen gurutzaketarik izan ez dadin: estalketak erlauntzetik kanpora jazotzen dira erlatokitik urrun, hegaldi betean, “erlamandoen biltzartoki” izenekoetan; biltzartoki horietan, milaka erlamando topatzen dira (10.000 eta 15.000 artean), erregina birjinak noiz agertuko.
Hautespen genetikoa eta estalketen kontrola
Abelazkuntzako hautespen programa guztietan daude bururik onenen arteko gurutzaketak, eta ernalketa kontrolatzea da koxka horrelako programa motetan. Hain zuzen ere, hobekuntza programan sartuta dauden animalien balio genetikoek, alde batetik, fidagarritasun handiagoa izango dute, eta, beste alde batetik, aurrerapen genetikoa bi gurasoen aldetik etorriko da, bai amarengandik eta bai aitarengandik, eta ez erreginaren aldetik bakarrik.
Oraindik ez ditugu ezagutzen Apis mellifera iberiensis azpiespezieko erreginen ugalketa portaeraren zenbait alderdi, eta nahiz eta, beste azpiespezie batzuekin alde handirik izaterik ez espero, erle eztigilearen biologiaren alderdi inportante hori oraindik ez dago dokumentatuta, eta erantzunik ez duten galdera ugari daude. Zenbat irauten dute ezkon-hegaldiek eta zein urrun joaten dira erreginak? Zenbateko maiztasunez egiten dituzte hegaldiok? Zenbat aldiz estaltzen dira? Nolako baldintza meteorologikoak behar dira hegaldirik izan dadin?
Garrantzitsua da tokiko azpiespeziea nola ugaltzen den aztertzea, zeren eta, erreginen eta erlamandoen ugalketa-biologiaz zenbat eta gehiago jakin, orduan eta eraginkorragoa izango da era naturalean gertatzen diren estalketen kontrola.
Uda honetan, azterketa bat egingo dugu erregina iberikoen estalketa hegaldien gaineko informazioa lortzeko eta hala estalketen kontrol eraginkorragoa diseinatzeko azpiespezie honetan; horren ondorioz, hobekuntza genetiko handiagoa eta bizkorragoa lortuko dugu.

