Egoitz Galartza Garaialde
Erle eztigilearen ugaltze estrategia liluragarria da. Kolonia batean, erregina izaten da estalitako eme emankor bakarra, ume guztien sortzailea. Erlekumea botatzeko sasoian, erlauntzeko baldintzak eta erlauntzetik kanpokoak aldekoak direnean, koloniak erregina berriak ekoizten ditu; dozena gutxi batzuek modua emango diote familiari bi, hiru edo gehiagotan zatitzeko.
Erlauntzeko erlamando kopurua ere handitu egiten da erlekumea bota aurretxoan, milaka batzuk umatzeraino. Kolonia batek, batez beste, 5.000 erlamando ekoitz ditzake sasoi batean, nahiz eta horien erdiak baino ez duen erdietsiko heldutasun sexuala.
Eme eta ar sexualki ugalkorren proportzioa guztiz lerratua dago erleen kasuan. Erlauntza batek, sasoi batean, erregina birjina heldu bat edo bi sorraraziko ditu 2.000 erlamando helduko. Horrek pentsarazten du zer-nolako garrantzia duen erregina bakar batek koloniarentzat, eta nolako energia eta baliabide xahuketa dakarren hura hazteak.
Erregina bat zenbait erlamandorekin estaltzen da (12-24 bitarte), hau da, poliandrikoa da. Erlamandoak, berriz, monogamoak dira, eta behin bakarrik estaltzen dute, batu eta gutxira hil egiten baitira.
Kontua bihurriagoa da, ordea: kopula horiek erlauntzetik urruti gertatzen baitira, koloniaren segurtasunetik ehunka edo milaka metrora, eta, gainera, airean. Erregina behin baino gehiagotan batzen da, eztei-hegaldi zenbait eginez, eta egun batean baino gehiagotan atera daiteke jarraian, obiduktoak behar adina semenez bete arte.
Nola topatzen dute elkar erlamandoek eta erreginak erlauntzetatik hain urrun?
Erlamandoen biltzartokietan gertatzen dira estalketak; hau da, sexualki helduak diren milaka erlamando toki jakinetan elkartzen dira erregina birjinak noiz agertuko. Erlamandoak leku berberetan elkartzen dira urtero, eta ez da izaten erregina birjina baten beharrik biltzar horiek egiteko. 100-200 bat metroko azalera hartu ohi dute, eta 5-40 metroko garaieran elkartzen dira. Biltzartoki baten mugak ongi zehaztuta egon ohi dira, eta erlamandoek ez dituzte gainditzen. Aireko korridore batzuk erabiltzen dituzte erlategi batetik biltzartoki bat jotzeko eta, itxuraz, erreginak estaliak izan daitezke korridore horietan ere.
Baldintza meteorologiko jakinak behar dira erlamandoek eta erreginek hegaldia egin dezaten: 18ºC-tik gorako tenperatura erlamandoentzat eta 20°C-tik gorakoa erreginentzat; haizearen abiadura, berriz, 20 km/h-tik beherakoa behar du bi kasuetan, eta zerua ez erabat estalia eta ateri. Arratsaldean izaten dira hegaldiak, 13:00etik 18:00etara gutxi gorabehera.
Biltzartokiko erlamandoak hurbileko kolonietatik azaldu ohi dira; oro har, 900 metro baino gutxiagoko distantziatik; haien interes printzipala erregina batekin estaltzeko probabilitatea handitzea denez, ahal den denborarik gehiena egoten dira biltzartokian eta ahal den gutxiena bidean. 25-30 bat minutuko hegaldiak izaten dira: erlauntzetik irten eta erreginaren zain egoten dira biltzartokian; gero, kofoinera itzuliko dira. Eztiz ongi bazkatu direnean, berriz aterako dira hegan egitera. Egunean 5-6 aldiz egiten dute hori.
Erreginek ere 25 bat minutuko autonomia dute hegaldietan, baina ez dute hautatzen biltzartokirik hurbilena, baizik eta urrunagoko bat, 2-3 kilometrora. Estalketek, oro har, ez dute irauten minutu batzuk baizik; segundo gutxi batzuk aski dira erlamando batekin elkartzeko, eta, aurrenekoa batu ondoren, bigarren bat batuko zaio erreginari, eta, horrela, behin eta berriz. Dena den, biltzartokiko joan-etorria egiteko, 10-15 minutu behar izan ditzakete. Hegaldi gutxi batzuk egiten dituzte behar adina erlamandorekin elkartu arte.
Erlamandoek, erregina aurkitzeko, erreginaren feromona sexualari jarraikitzen diote, 9-ODA (azido 9-oxo-2-dezenoikoa). Erregina bat biltzartokira sartzen bada, 9-ODA usaindu duten ehunka erlamandok jarraikiko diote, kometa itxura hartuz. Distantzia laburrean hura atzemateko, berriz, arrak beren bista zorrotzaz baliatzen dira; horregatik dituzte begiak hain handiak.
Nolanahi dela ere, erreginak zergatik arriskatzen dira hain denbora luzeko hegaldiak egitera? Badirudi odolkidetasunean dagoela koxka printzipala; hura saihestea eta aniztasun genetikoa handitzea dela kontua. 10.000 erlamandotik goiti izaten dira biltzartokietan (hortik behera ez dira gauza izaten biltzartoki bat egonkortzeko), eta erlauntza bereko erreginek eta erlamandoek ez dutenez eremu bera erabiltzen elkarrekin estaltzeko arriskua oso txikia izaten da. Horri esker, gaitzen eta parasitoen gaineko erresistentzia handitzen da, baita erlauntzeko ekoizpena ere; horra hor bi arrazoi indartsu osasun genetiko onari eusteko.
Erlamandoen biltzartoki baten aurkikuntza
Guk dakigula, orain arte inon ez dute erregistratu Apis mellifera iberiensis arrazaren biltzartokirik.
2021eko maiatzean eta ekainean, ERBELen estalketa estaziotik hurbil, elkarteak hautatu eta hazten dituen erlamandoen biltzartoki bat aurkitu dugu.
Biltzartokia aurkitzeko, drone telegidatu txiki bat erabili dugu, eta amu gisa gezurrezko erregina bat, droneari 5 metroko sokaz lotua eta erreginek barailan izaten duten feromona askatzen duena. Dronearen hegaldiak egiteko, egun eguzkitsuak eta haizerik gabeak hautatu ditugu, 15:00etatik 18:00etara. Saiakerak, berriz, bost astetan egin dira.

Biltzartoki posibleak monitorizatzeko metodoa erabili dugu, aurretik mapan egokiak izan daitezkeen lekuak hautatuta: maldarik gabekoa lekuak, hegoaldera begira, zuhaitzez edo mendiz babestuak… Gune batetik abiaturik, dronea goratuz joan gara bere amuarekin 5 metrotik 5 metrora, eta 30 segundo inguruko geldialdiak egin ditugu, ikusteko ea erlamandorik agertzen zen. Gune bat ikusita, dronea metro batzuk lekutu dugu, eta beste gune jakin bat egiaztatu.
Biltzartokia aurkitu den eremuan 5 egunetan kontrolak eginda, 4tan ikusi ditugu erlamando kopuru handiak, kometa bat osatuz eta amuari eta batez ere droneari jarraikiz, helizeen errotazioak erakarri egiten baititu. Erlamandorik aurkitu ez den egunean, kausa posible bat da ez egon izana behar adina erlamando biltzartokia osatzeko.
Delako biltzartokia 300 bat metro luze da eta 50 bat metro zabal, nahiz eta aldakorra izan daitekeen, kontroletako batean tamaina txikiagoa agertu baitu. Erlamandoak 20-35 metro artean ibili dira.
Saioetan, orobat monitorizatu ditugu estaziotik urrunago dauden lekuak. Aireko korridoreak ere aurkitu ditugu erlategietatik biltzartokira. Korridore horietan, erlamando gutxi batzuk amua ukituz bezala urrundu dira, talderik eta kometarik osatu gabe.
Aurkikuntza honek aukera ematen du portaera eta genetika arloko azterketak egiteko, erreginen eta erlamandoen estalketa hegaldiak hobeto ezagutzeko eta estalketen kontrol hobea egiteko.
Gainera, analisi genetikoak eginda estazioan estalitako erreginei, erlauntz erlamando-ekoizleei, haraneko beste erlauntza batzuei eta biltzartokian bertan harrapatutako erlamandoei, egiaztatzen ahalko dugu nolako arrakasta duen ehunekotan gure estalketa estazioak, hau da, gure erlamandoekin estaltzen diren gure erreginen portzentajea.
Eskerrak,
Joakin Arratibelek emandako laguntza estimagarriagatik izan da posible lan hau. Eskerrik asko!