Barroari erresistenteak diren erleen hautespena

Egoitz Galartza Garaialde

Erlezaintzak duen arazorik handienetako bat Varroa destructor akaroak eragiten du; hark eta berak transmititzen dituen birusek: erle parasitatuen bizi itxaropena laburtzen dute, kolonia lore bila joateko gaitasuna apaltzen dute, erle-biltzaileen hilkortasuna handitzen dute, eta, horrek guztiak nutrizio estresa sorrarazten dienez, ezin izaten dute erle adindua erle belaunaldi gazte eta ongi elikatu batekin normal ordezkatu; horren ondorioz, erle populazioa apaldu egiten da, eta azken buruan koloniaren kolapsoa gertatzen da. Elikadura kaskarraren, barroaren eta birusen konbinazio gaiztoak heriotza ekar liezaioke koloniari. Arazoetako bat konponduta ere, gerta liteke aski ez izatea gainerako arazoak gainditzeko. Barroak eta elikadurak estresatuta dagoen kolonia bat bizkor asko joango da gain behera.

Gainera, barroaren arazoa areagotzen da tratamendu kimikoen eraginkortasun eskasagatik eta parasitoa borrokatzeko metodo faltagatik. Azkenean, akaroak erresistentzia garatu du urte askoan era masiboan erabili diren

Nolanahi dela ere, barroaren ostatari naturalari erreparatzen badiogu, Apis cerana erleari, ikus dezakegu akaroa borrokatzeko mekanismo bat baino gehiago dituela eta horri esker parasitoarekin bizi daitekeela:

  • Barroa sasoi jakin batean ugaltzen da, erlamandoak daudenean.
  • Erle langileen umeak barroa badu, kendu egiten dute.
  • Garbitasunerako portaera maila handia du (grooming).
  • Kolonia gehiegi parasitatu bada, langileek eta erreginak erlauntza uzten dute, eta izurritua dagoen umea bertan uzten.

Bestalde, badakigu eskualde askotan erle eztigilearen populazioek bizirik iraun dutela tratamendurik jaso gabe; hau da, erresistenteak diren populazioak daude. Ezagunenak daude Gotlanden (Suedian), Avignonen (Frantzian), Arnot Foresten (AEB) eta Primorskin (Errusia).

Nola erdietsi barroa akaroari erresistentea zaion erlea?

Modu bat da erlearen iraupen naturala; adibidez, erlezainak tratatzeari utzita edo gobernatu gabeko populazioetan (basoetan gehienbat). Bizirik irauten duten koloniak hedatu eta ugaritu egiten dira, eta erresistenteak ez direnak hil. Kasu horretan, natura arduratzen da hautespena egiteaz.

Aldiz, badago hautespen bidezko hazkuntzaren kasua ere: hazkuntzan aritzen den erlezain batek barroaren aurkako tasunak ebaluatu eta aldi berean erlezaintzarako errendimendu egokia (ezti ekoizpena, mantsotasuna…) ematen dutenak uzten dituenekoa aurrerako. Badira zenbait hautespen programa barroaren erresistentzia barneratua dutenak hautatu beharreko tasunen artean; adibidez, Baton Rouge Bee Lab (AEBetan), Arista Bee Research (nazioartean) eta AGT Arbeitsgemeinschaft Toleranzzucht (Alemanian).

Hautespen naturalari dagokionez, gerta liteke ugalkortasun arrakastarik handiena duten erleak ekoizpen txikikoak, oldarkorrak eta erlekume joera handikoak izatea; alabaina, ezaugarri horiek ez dute eta hautespen prozesuarekin inolako erlazio zuzenik; are gehiago, badakigu umea botatzeko joera duten koloniak barroa gutxiago dutela eta baliteke bizirik diren koloniak ume joera handia dutelako egotea bizirik. Nolanahi dela ere, hautespen programa baten barrenean hazten diren erleetan, aintzat hartuko dira, barroaren erresistentzia ez ezik, baita ezti ekoizpena eta portaera ere, erlezaintzarako desiragarriak diren erleak lortzeko.

Nola neurtzen da barroarenganako erresistentzia?

Kontuan izanda erleen iraupena neurtzea zaila edo ezinezkoa dela, akaroaren eragite mailak eta portaera espezifikoen tasun probak erabiltzen dira barroarenganako erresistentzia duten erleak modu selektiboan ekoizteko: umearen higienea, umearen berroperkulatzea (REC) eta akaroen ugalkortasun murriztua (SMR).

Higiene portaera: erle langileen gaitasun bat da hildako edo kaltetutako pupak detektatzeko, eta gelatxoetatik erauzteko. Orratzaren probarekin neurtzen da, eta ERBELen hazkuntza programan sartua dago.

Akaroen ugalkortasun murriztua (SMR): bi mekanismo heredagarrik osatzen dute ezaugarria. Bat da ume parasitatua detektatu, desoperkulatu eta kentzea (VSH edo barroari eragiten dion higienea) eta beste bat berroperkulatzea, zeinetan erleek parasitatutako gelatxoa ireki eta berriz ixten baitute akaroa erauzi gabe.

Barroaren populazio dinamika: hau ere oso erresistentzia adierazle inportantea da. Akaroak udaberrian modu naturalean erortzen direnekoa neurtzen da, eta ondoren erle helduan zenbait akaro neurketa egiten dira udan glas azukrearen metodoa erabilita. Akaroaren hazkunde tasarik txikiena erakusten duten erleak hautatzen dira ugaltzeko. Proba hori ere sartuta dago ERBELen hazkuntza programan.

Hautatu al daitezke barroari erresistenteak zaizkion erleak?

“Evaluation of traits for the selection of Apis mellifera for resistance against Varroa destructor” azterketan, ikertu dute nolako lotura duten hautespenean erabiltzen diren zenbait ezaugarrik akaroaren garapenarekin. Emaitzek iradokitzen dute baliagarria dela udan neurtzea erleek duten izurria, umearen higienea eta berroperkulatzea, barroaren erresistentziarako tasunak hautatzeko, zeren eta ezaugarri horiek oro har parametro genetikoekin lotuta doaz; SMRa, berriz, ez da hain fidagarria ingurugiroak asko eragiten diolako, eta sasoitik sasoira aldaketak izaten direlako; gainera, lan nekeza da.

Bestalde, orain berriki Europan egindako azterketarik handienaren emaitzak argitaratu dituzte, Eurbest programarenak (https://eurbest.eu/). Azterketa horretan, konparatu egin dituzte, batetik, barroarenganako erresistentzia ezaugarriak dituzten erle populazioak (modu naturalean iraun duten populazio batzuk barne) eta beste batzuk hautespen programatik datozenak eta erresistentzia ezaugarri esanguratsuak dakartzatenak —hala nola barroari eragiten dion higienea (VSH), akaroen ugalkortasun murriztua (SMR) eta berroperkulatzea (REC) eta, are, errendimendu probak hobetzeko tresna genetiko molekularrak, hazkuntza balioen kalkuluak eta estalketa estazioak eta intseminazio artifiziala erabilita—, eta, bestetik, kasuen azterketetan parte hartu duten zazpi herrialdetako erlezainen beren koloniak. Azterketaren ondorioak ikusteko, komeni da webgunera jotzea; izan ere, barroaren erresistentzia ez ezik bestelako gaiak ere lantzen baitira; besteak beste, Europako material biziaren merkatua, erreginak ekoizteko kostuak eta hazkuntza programen kostuak.

Azterketaren ondorio nagusiak hauek dira:

  • Hazkuntza selektiboa eraginkorra da ekoizpena hobetzeko, kolonien galera murrizteko eta erleen osasuna hobetzeko.
  • Ongi hautatutako populazioekin lan egitea arrakasta ekonomikoa izateko faktore da erlezaintza komertzialean.
  • Eskualdean eskualdeko hazkuntza egiturak ezarri beharra dago:
    • Errendimendua eta portaera, barroarenganako erresistentzia barne, lotuta daude tokian tokikora egokitzeko gaitasunarekin.
    • Ez dago erle motarik onena eta toki guztietarako balio duena.
  • Erresistentzia hautesteak funtzionatzen du baina garestia da. Funts publikoak behar ditu.
  • Erreginen merkatua hobetu beharra dago: kalitatea, prezioak eta hautespena.

Azken urteetan hautespenaren arloan izan diren emaitzak ikusita eta barroak zenbaterainoko galerak eragiten dituen ikusita, ERBELen uste dugu badela ordua ahaleginak ugaritzeko eta barroarenganako erresistentzia ezaugarriak dituen tokiko erlea hautesten hasteko. Gure erlezaintzaren etorkizunera begira, beharrezko inbertsioa da.

Leave a Comment