Egoitz Galartza Garaialde
Uztailaren 15etik 19ra, Argentinako Osvaldo Atela ingeniari agronomoak ikastaro aberats bat eman du erreginen hazkuntzaz. Buenos Airesko probintziako “Pedro J. Bover” erle etxaldea eraman du Atelak 35 urtez.
Pedro J. Bover etxaldeak 3.800 erregina estali eta 9.000 erregina habia ekoizteko gaitasuna du; horretaz gainera, azken urteetan, hautespen programa bat ezarri dute, hautatutako materiala ugaltzeko. Han ematen duten prestakuntzari esker, Argentina osoko eta atzerriko teknikari eta profesional ugari pasatu dira etxaldetik.
Bost egun trinkotan, Atelak urte luzeetan pilatu duen eskarmentu zabala laburtu digu, eta erreginak hazteko metodoetan sakondu dugu: abiarazleak eta bukarazleak nola prestatu, larben transferentzia, ernalketa nukleoak, estalketak nola kontrolatu, hautespen sistemak, osasuna, eta abar.
Eskerrik asko, Osvaldo, erakutsi diguzun guztiagatik!